Bihar hasiko dira Aranoko Santio jaiak eta lau eguneko egitarauarekin, igandean emanen diete bukaera. Aranoar guztiek izanen dute ongi pasatzeko tartea, eta egun bakoitzak, bere izena, baita ere: Santio egunari, Haurren egunak hartuko dio txanda, ostiralean; Herri Gurasoen edo jubilatuen egunak, larunbatean; eta Ziztangilen eguna izanen da igandea.
Ziztangilen eguna ez haur ez jubilatu direnentzat pentsatu zen, hauek ere, protagonistak izan nahi dutelako festetan: «Batzuk ez haur eta ez jubilatu ez garenez, guk ere gure eguna nahi genuen! Eta igandeko feria herriko produktuekin denez, eta afari herrikoia oso herrikoena denez... Ba Ziztangilen eguna!», nabarmendu zuten joan den urteko jaietan. Baina denek gozatuko dute, nola ez, aurtengo jaietan, eta ez da aspertzeko astirik izanen Aranon: Dantzaldia, emanaldiak, bertso saioa eta arkume jatea izanen dira, beste egiteko askoren artean.
Lau zita garrantzitsu jaien hasieran, txupinazioaren ondoren
Estreineko eguna indartsu dator aurtengo Santiotan. Txupinazioaren aurretik meza izanen da, eta urteroko pilota partidua jokatuko dute 12:30etan, Arano eta Goizuetaren artekoa: ziztangilak, sapuen kontra. Huizi eta Lizeaga ariko dira aranoarren aldetik, eta Apezetxea eta Apezetxea goizuetarren bandoan. Arratsaldean, aizkolariak izanen dira jaietako protagonistak. Arria Vgarrena eta Joseba Izetak osatutako bikoteak Jon Irazu eta Haritz Esnal izanen ditu lehian, 18:00etan. Jarraian Umore Ona Dantza Taldea eta bertsolariak izanen dira, Santiotako giroa pizten.
Haurren eguna pilotariek hasiko dute, ostiralean. Txikienak ariko dira kasu honetan, jokoan, 17:00etatik aurrera. Eta txokolatadaren ondoren, Arno animalia ikuskizuna izanen da, 18:30etan. Gaualderako San Roke Elkarteak mus txapelketa antolatu du, animatzen denarentzat, soziedadean.
Larunbatean Herri Gurasoen Omenaldi eguna da, eta izanen dute aurtengo nobedadea, egunaren hasieran: jubilatuen hamaiketakoa, Kontsejun. Eta eguerdian, urteroko lez, arkume jatea. Txartelak salgai daude Aranoko Kontsejun, Goizuetako Amaian, eta Hernaniko Deportivon 30 euroan; haurrenak, 6 euroan.
Azken eguna, egitekoz betea
Azken eguna Ziztangilena da, igandean. Egun potoloa da, Santiotako azkena. Jaietako bigarren meza izanen da, 11:00etan, eta herriko produktuekin feria jarriko dute, gero. Tortila lehiaketarako beharrezkoak egin ondoren, giroaz gozatzen jarraitzeko ordua izanen da. Ea zenek eginen duen tortila goxoena! Gero, postuak kendu, eta ura eta xaboiarekin gozatuko du Aranok, apar festan; beste nobedadetako bat da, jaiak urtetik urtera gero eta gehiago indartzen direnaren seinale.
Azkenik, Ziztangilen egunean musikarik ez da faltako. Santio jaien bukaeran, Araitz eta Maddi izanen dira herria dantzan jartzen, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Gero, afari herrikoiarekin eta bingo musikatuarekin emanen diete bukaera ezin hobea, Santioei.
BIHAR, Santio eguna
11:00, Meza.
12:00, Txupinazoa.
12:30, Pilota partidua, Goizueta (Apezetxea-Apezetxea) eta Aranoko (Huizi-Lizeaga) bikoteen artean.
18:00, Aizkora apustua. Arria V eta Joseba izeta, Jon Irazu eta Haritz Esnalen kontra.
18:30, Umore Ona dantza taldea.
19:30, Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Joanes Ilarregi, Julio Soto eta Sebastian Lizaso. Maider Ansa, gai jartzaile.
UZTAILAK 26, Haurren eguna
17:00, Haurren pilota partiduak.
18:00, Txokolatada.
18:30, Arno animali ikuskizuna.
22:30, Mus Txapelketa San Roke Elkarteak antolatua.
UZTAILAK 27, Herri Gurasoen Omenaldia
11:00, Meza.
14:30, Arkume jatea.
Ondoren, Errebal musika taldea.
UZTAILAK 28, Ziztangilen eguna
12:00, Feria goizetik.
Tortila lehiaketa.
17:00, Apar Festa.
20:00, Araitz eta Maddi.
21:00, Afari herrikoia.