ASPALDITIK hasi ziren astigartarrak, festetarako motorrak berotzen. Larunbatean izango da danborrada, aurtengo Santiotako nobedadeetako bat; eta duela hilabete batzuk sortu zen ideia, Inauterietan hain zuzen, Inude eta Artzainen danborradan parte hartu zuten haien eskutik.
Herriko danborrada hau, festetarako alaia izatea nahi dute, aukera emango duena jai giroan, dantzan eta kantari ibiltzeko. Marmitako bazkariaren ondorengo festa gisa irudikatu dute, bazkari osteko digestioa egiteko.
Joko dituzten abestiak ezagunak eta herrikoiak izango dira. Eta horiek prestatzeko, gaur arratsaldeko 18:00etan bilduko dira partehartzaileak, Herri Eskolako patioan. Aurrena, danborradak bakarrik entsaiatuko du; eta ondoren, 19:00etatik aurrera, Pasai txarangarekin batera.
Larunbatean, danborrada Foru Plazatik hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, eta amaiera ere bertan izango da, 20:30ak aldera. Geldialdiak egingo dituzte tabernetan.
Janzkerari dagokionez, berriz, galtza gona edo dena delako bakeroak izango dituzte, kamixeta beltza, edozein zapi, eta buruan zerbait, bakoitzak nahi duena aukeran.