Enekoitz Azparren txapeldun larunbatean, Arantzazuko Igoeran

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 23a, 02:00

Maila ederrean aritu dira bes­te behin, Urumea bailarako txi­rrindulari juniorrak. Eta horren erakusle da, Enekoitz Azpa­rren astigartarrak lortutako garaipena: Arantzazuko Igoera irabazi zuen larunbatean.

70 kilometroko lasterketan, hasieratik sartu zen ihesaldi­an Azparren, beste bost lagunekin; eta haiei batu zitzaizkien beste 14, tartean Telmo Semperena herrikidea, probaren erdialdera. Haien artean jokatuko zuten garaipena, eta Azparren izan zen indartsuena, iheskide guztiak atzean utzi eta bakarrik helmugaratuta. Ibai Rodriguez hernaniarrak, aldiz, atzetik aurrerako bidea egin zuen tropeletik, eta iheslari ba­tzuk gaindituta, zazpigarren izan zen. Bederatzigarren sailkatu zen Sempere­na.


Jaime Romero Europako Txapelketan, Belgikan

Proba gehiago izan zituzten bailarako txirrindulariek, au­rreko asteburuan. Horrela, Bel­gikako Gante hirira joan zen Jai­me Romero astigartarra, Es­painiako selekzioarekin, pis­tako Europako Txapelketara.

Zorte haundirik ez zuen izan, ordea. Taldekako persekuzio proban zazpigarren egin zuten aurreneko kanporaketan, baina ondoren, Italiaren kontrakoan, lau taldekideetatik hiruk elkar ikutu eta erori egin ziren. Zortzigarren bukatu zuten, beraz, kanporatuta.

Horren ondoren, banakako persekuzio proba lehiatu zuen Romerok, eta 16garren eginda, ez zen kanporaketak lehiatzeko sailkatu. Eta azkenik, ma­di­son proban aritu zen astigartarra, Markel Rodriguez bizkai­tarrarekin bikotea osatuta; eta 13garren postua lortu zuten.

Errepidean, berriz, Kanta­bria­ko Zirkuitua itzulia lehiatu zuten Enekoitz Azparrenek eta Ibai Rodriguezek; bi etapa eta erlojupeko bat, ostiralean eta larunbatean. Maila one­an aritu ziren biak. Azparren zazpigarren izan zen erlojupekoan, eta erregularrago aritu zen Rodriguez, egunero onenetatik gertu ibili eta sailkapen nagusian 34garren bukatuz.

Hurrengo egunean, Zuma­rra­gako proban aritu ziren biak, Semperenarekin batera. Eta hasieratik osatu zen, ga­rai­pena lehiatuko zuen taldetxoa. Horien artean zen Semperena, baina Antiguara igoeran ezin, eta 8garren bukatu zuen. Azpa­rren 12garren izan zen, eta ma­txura baten erruz, erretiratu  behar izan zuen Rodriguezek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!