Atzoko abisu horiaren ondotik, alerta laranja aktibatu du gaurko eta biharko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako Zuzendaritzak.
Izan ere, 39 gradura arteko tenperaturak daude aurreikusita gaurko, eta 37 gradura iritsi daitezke termometroak, biharko egunean zehar, Urumea bailara osoan.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzatik eskatu dute, ohi baino likido gehiago edateko, ura bereziki, egarri izan arte itxaron gabe; eta saihesteko kafeina, alkohola edota azukre gehiegi duten edariak. Janariari dagokionez, berriz, elikagai arinak hartzeko deia luzatu du: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak...
Arropa zabala eta arina, eta ariketa fisiko haundirik ez
Janztekoen inguruan ere egin ditu gomendioak: «arropa zabala, arina eta kolore argikoa erabili, eta oinetako eroso eta frexkoekin ibili». Bero haundieneko orduetan, gomendatu dute kalera ez ateratzea edo, beharrezkoa bada, burua estali, betaurrekoak erabili eta itzaletan egotea; eta noski, ez egitea «ariketa fisiko bizirik eta luzerik», ordu horietan.
Eskatu du, baita ere, itxitako auto batean inoiz ez geratzea, eta inor ez uztea. Eta zorabioak, ahultasuna, nekea, edo goragalea nabarituz gero, toki fresko batean jarri, burua estali, konpresa bustiak eta hotzak besapean jarri, eta edatea ura, gatzarekin eta bikarbonatoarekin.