Abuztuan geldialdia egin aurretik, gaur egingo dute ikasturteko azkeneko Plenoa, Astigarragan eta Hernanin.
Ezohiko deialdian bilduko da, Hernaniko Udaleko Osoko Bilkura, arratsaldeko 17:00etan, udaletxeko Pleno aretoan. Eta bertan eztabaidatu eta erabakiko dituzte bi gai, aurreko akta onartu eta ekaineko eta uztaileko dekretuen berri eman ondoren: batetik, Aurrekontua Gauzatzeko Arauaren aldaketa, zinegotzien ordainsari eta dedikazioei dagokienean; eta bestetik, komunikazio arduradun lanpostu bat sortzea Udaleko plantillan eta Langileen Lanpostuen Zerrendan.
Hamaika gai lantzeko, Astigarragako Plenoan
Bi ordu beranduago bilduko da Astigarragako Udaleko Plenoa, arratsaldeko 19:00etan, ohiko deialdian. Udaletxeko areto nagusian izango da.
Uztailaren 2ko Plenoaren akta onartu ondoren, Garbitania Zero Zabor sozietate publikoari buruzko puntua izango dute aurrena, eta Urumeako ibai-parkearen izenari buruzkoa ondoren. Gero, behin betiko onarpena emango diete, Udalaren Kontu Orokorrari eta Plan Estrategikoari.
Beste hiru gai garrantzitsu ere badauzkate eztabaidatzeko: Floreaga bideko obraren inguruko erreparoa; etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratuaren esleipena; eta babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzako laguntza zerbitzuaren kontratuaren esleipena.
Galdera eta eskaerekin itxiko dute Plenoa, baina horrekin ez dira bukatuko gaurko bilerak, Astigarragako Udalean. Izan ere, Plenoa bukatutakoan bilduko da Tokiko Gobernu Batzordea. Eta bertan ere, makina bat gai landuko dituzte: Santiomendi auzoko urbanizazio obren esleipena, Kontxa Lorategiaren urbanizazio obraren bigarren kontratazio espedientea onartzea...