JOAN zen larunbatean eraso matxista bat gertatu zen Hernanin eta Ertzaintzak 22 urteko gizon bat atxilotu du zaharren egoitzako emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Adineko pertsonak zaintzeko erietxe egoitzako arduradunak Ertzaintzari jakinarazi zionez, larunbatean gizon bat zentroan sartu zen eta emakume bati ukituak egin omen zizkion. Emakumeak mugikortasun arazoak ditu.
Biktimak laguntza eskatzeko txirrina jo zuen eta gizonak presaka ihes egin zuen. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ikerketari esker, ustezko erasotzailea atxilotu zuten igande goizean. Ondoren epailearen aurrera eraman zuten. Erasoaren berri izan bezain laster, Indarkeria Matxista jasan duten emakumeei arreta emateko erakundeen arteko Protokoloa aktibatu zen.
Udalaren eta Foru Aldundiaren babesa
Hernaniko Udaletik elkartasun eta babes osoa adierazi diote erasotua izan den emakumeari eta haren senideei. Eta adierazpen horrekin bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Eraso sexista hau erabat gaitzetsi eta salatzen dugu, emakumeen askatasunaren aurkako erasoa delako, eta beraz, guztion aurkako erasoa delako. Jendarte matxista honen aurka lan egitea denon ardura da». Erasotuari ez ezik, adinekoen egoitzaren egoilar guztiei ere babes osoa eman nahi da, eta «bereziki egoitzaren langileei eskerrak eman izandako aktuazio azkar eta profesionalarengatik». Segurtasun neurriak ere zorroztuko dira.