Peru Alfaro triatloilari hernaniarrak hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen, herenegun, Gasteizeko Ironman lasterketan. Egun ona izan zuen Alfarok eta emaitza bikaina lortu zuen Munduko Txapelketara sailkatzeko baliagarria den froga honetan. Zortzi ordu, zortzi minutu eta bi segunduko denbora egin zuen eta bigarren posturik minutu eta zazpi segundora geratu zen. Lasterkako segmentuan, maratoian, izugarrizko denbora egin zuen bi ordu 47 minutu eta 45 segundurekin eta Josh Amberger australiarra harrapatzetik gertu geratu zen. Postu horrek Hawairako sarbidea ematen zuen zuzenean.
Lehendabiziko aldiz antolatu zen Arabako hiriburuan Ironman modalitatea eta hernaniarra beti egon zen lehenengo postuetan. Igeriketan hirugarren irten zen, bizikletan lehendabiziko bost postuetan mantendu zen eta korrika hirugarren lekura igo zen berriz.
Garaipena Eneko Llanos gasteiztarrak lortu zuen bere etxean zortzi ordu azpitik eginez; zazpi ordu, 55 minutu eta 16 segunduko denborarekin, Amberger eta Alfaroren aurretik.