«Pozik eta indarberrituta» bueltatu ziren atzo, Maialen traineruko arraunlariak, Portugaletetik. Estropada haundia egin zuten Bizkaiako uretan, eta laugarren postua lortu zuten, ETE Ligako bosgarren estropadan. Denboraldiko emaitzarik onena dute, atzokoa.
Bigarren txandan aritu zen Maialen, Isuntza, Deusto eta San Juanekin batera; eta Isuntzak bakarrik hartu zien aurrea, bi segunduko aldearekin. Gainera, ziabogatik helmugara, bost segundutan murriztu zuten aldea, hernaniarrek.
11:13 denborarekin, aurreneko txandako hiru traineruak ere gainditu zituen Hernanik; eta hirugarren txandan, soilik Zumaiak eta Tolosaldeak hobetu zuten haien denbora.
Horrela, 8 puntu pilatu zituen Hernanik ETE Ligarako, eta zazpigarren jarraitzen du.
Sestaon eta Orion, datorren asteburuko estropadak
Datorren asteburuan, zita bikoitza izango du Hernanik, ETE Ligan. Larunbatean, Sestaon ariko dira, goizeko 11:00etan hasita; eta igandean, Orion.