Igerilekuan zein ur irekietan, maila ederrean dabiltza igerilari hernaniarrak. Hala erakutsi dute, aurreko asteburuetan.
Batetik, Gipuzkoako Txapelketak jokatu ziren joan den asteburuan, Irungo Azken Portu kiroldegian, infantil, junior eta absolutu mailetan. Eta bertan aritu ziren hiru hernaniar: Intza Pagola, Enaitz Goñi eta Xabier Huitzi.
Sei dominarekin bueltatu zen Goñi; infantil mailan hiru, eta absolutuetan beste hiru. 1.500 metroko proban, urrezko domina lortu zuen infantiletan, eta brontzezkoa absolutuetan; eta Espainiako Txapelketarako minima lortu zuen, gainera, 17:18:06 denborarekin. 400 metro libreetan ere lortu zuen minima, 4:22:77 eginda, eta infantiletan zilarra kolkoratuta. Zilarrezko beste domina bat ere lortu zuen infantiletan, 100 metroko bizkar proban; eta azkenik, brontzezko bi domina maila absolutuan, 4x50 eta 4x100 metroko errelebo probetan, Fortunarekin.
Bi minima horiek lortuta, lau probatan ariko da Goñi, uztaila bukaeran, Bartzelonan jokatuko den Espainiako Txapelketan. Izan ere, dagoeneko lortuta zeuzkan beharrezko markak, 100 eta 200 metroko bizkar probak egiteko.
Pagolak, berriz, lortu zuen bere denborak hobetzea, erakutsiz bide onetik doala bere gorakada. Eta Huitzik, azkenik, ezin izan zuen bere mailarik onena eman: bizikletan izandako erorketa batek, galarazi egin dio sasoi onenean iristea.
Luis Goñi bigarren, Deban
Eta bestetik, dagoeneko hasi dira ur irekietako probak. Luis Goñi protagonista izan da, bi probatan. Lekeition, aurrenekoa izan zen helmugan, baina kanporatu egin zuten, azkeneko buia oker pasa zuelako.
Joan den asteburuan, aldiz, bigarren sailkatu zen Deban, Haigor Aranguren taldekidearen atzetik, 24 segundura.