ARGAZKI ALBUMA: Xarobe kafetegiko Inauteriak (1994-1998)
«Autentikoak ziren Xarobeko antzerkiak Inauterietan, eta jendea zain egoten zen, urte horretan zer egingo ote zuten», dio Kaxko elkarteko Pili Lujanbiok. Berak bezala, ondo gogoan izango dituzte herritar askok, Xarobe kafetegi aurrean egin zituzten montajeak, 1994-1997 bitarteko Inauterietan.
Baina ondo gogoan izango dute, baita ere, kafetegiaren beraren goxotasuna. Eta asteartean, Karmen jaietan, Kaxkoko alkate izendatuko dute, Xarobeko gidari izan zena: Maitere Miner Aranburuk hartuko du alkate makila, eguerdian.
Orduan aurkitzen ez ziren produktuak, Xaroben
Osiñaga auzoko Xarobe baserrian jaio zen Maitere Miner, 1941ean; «gosearen urtean, baina nik goserik ez nuen pasa, ikusi besterik ez dago!», kontatu du barrez. Txiki-txikitatik aritu zen, merkatari lanak egiten: aitarekin etortzen zen Hernanira, txerrikumeak saltzera; eta amona gaixo zegoela eta, esnea saltzera ere bai Plazara, astoarekin. «Marmitak ezin jaitsi aritzen nintzen!», dio.
Zortzi urtez egin zuen lan Zikuñaga papeleran, eta Joxan Ruizekin ezkondu ondoren, Carrerora mugitu zen bizitzera aurrena, eta Etxeberrira gero, seme-alabekin dagoeneko. Eta 1983an erosi zioten, Joxanen aitari, Xarobe kafetegia izango zen lokala; ordura arte Zapateria Ruiz zena.
«Ezin genuenez konpetitu beste supermerkatuekin, kutixiak ekartzen genituen. Txokolateak, pasta italiarra, munduko txoko askotako kafea, gaileta bereziak, mermeladak, turroiak, trufak... Orain nonahi aurkitzen direnak, baina orduan ez zeudenak. Panettonea, guk ekarri genuen aurrenekoz Hernanira. Eta helatu, batido eta zumo naturalak ere egiten genituen. Produktu natural eta onekin egiten genuen dena, kalitatezkoa, eta jendeak estimatzen zuen», gogoratzen du Arantzazu Ruizek, Maitere eta Joxanen alabak.
Eta nabarmendu du, bezeroak zirela «dendako onena. Ez zaigu inoiz ezer falta izan, ezta goxoki bat ere. Eta jende asko etortzen zen gosaltzera, orduan Esnal eta gu baikinen horrelako toki bakarrak. Gainera, alkoholik gabeko kafetegia zenez, emakume asko etortzen ziren, gustora asko, beste tabernetara sartzen ez zirenak». Eta Maiterek gehitu du: «diote, emakume asko dauden tokian, kafe ona dagoela!».
20 urtez, milaka istorio
2003an utzi zuten arte, 20 urtez milaka istorio eta anekdota pilatuko zituen Xarobek, baina Inauterietakoak dira gogoratuenak: «Berriak elkarteak gaia jartzen zuen, eta horrekin egiten genuen montajea. Aurreneko urtean sorpresaz hartu zuen jendeak, baina guk ere ez genuen espero, horrelako harrera izango zuenik».
1994an izan zen estreinakoa, eta New Orleanseko jazz klub bat irudikatu zuten: «piano zahar bat jarri genuen, eta gainerakoak saxofoi eta tronpetekin. Musika altabozetatik zetorren, guk itxura bakarrik egiten genuen, baina pieza luzeak ziren, eta ezin deskantsatu! Gainera, batere entsaiorik gabe ateratzen ginen antzeztera».
Beste lau urtez egin zuten montajea. Mexikarrak 1995ean, kantina bat, El chaparral, Plaza Garibaldi... irudikatuta. Tele Xarobe 1996an, egurrezko telebista haundi bat egin, eta barruan pailazoak sartuta: «jende pila bat elkartu zen aurrean, pailazoen abestiak kantatzen!». Aranoko Inauteriak 1997an, Zahagi Dantza eginez, Plaza Berrira ere jaitsita, Aranotik ekarritako zahagi eta jantziekin. Eta azkenik, Beattlesak 1998an: «esaten da, Beattlesak bost ote ziren hasieran... Ba hala izango ziren, Xaroben bost azaldu baitziren!». Urte guztietako argazkiak gorde dituzte, eta horietako batzuk, ikusgai daude www.kronika.eus web orrian.
Montaje horietan, noski, ez zuten huts egiten Joxan?Ruizek, Arantzazu alabak, eta Joxe Leonek, Arantzazuren senarrak. Haiek ere jasoko dute omenaldia, asteartean. Joxanek, bereziki, betidanik izan du horrelakoetarako sena. Xalaparta koadrila, txaranga eta elkartearen sortzaileetako bat, saltsa guztietan aritu da. Carreroko fabrikan eta Panificadoran langile, eta futbol entrenatzaile, zientoka aldiz mozorrotutakoa da: 1990etik gaur arte atera da San Joan Konpartsan; eta Inauterietan, Xaroben ez ezik, Beti Alperrak koadrilaren konpartsan ere ateratzen zen.
Eguzkiko Yolanda Castillori ere, omenaldia etzi
Eta haiekin batera, omenduko dute Yolanda Castillo Idigoras ere, Eguzki dendako gidari izan zena, 2017an jubilatu zen arte. Londresen eta Bartzelonan ikastaroak egin ondoren, Hernanira etorri zen 1977an, Jesus senarra Aranoko Igoera batean ezagutu ondoren. Ileanpaintzaile hasi zen, Jesusen familiaren Eguzki drogeria eta perfumerian; eta 40 urte egin ditu bertan: «oso bezero gertuko eta fidelak izan ditut, familia bat bezala ginen. Oso eskertuta nago haiekin. Asko kostatu zait jubilatzea, asko maite nituelako denak», dio berak.