«Uriarte eta Setienen ideiak bat datoz, adiskidetzeari eta bakeari dagokienez»

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 13a, 02:00

Asteazkenean egin zuen ur­te­bete, Jose Maria Setien hernaniarra hil zela, Donostiako go­tzain izan zena. Eta bere omenez, hitzaldia antolatu dute Hernanin, datorren asteazkenean, Etikarte eta Oreki Fun­dazioek, eta Elkarbizi taldeak. Juan Maria Uriartek eskainiko du, Donostiako gotzain iza­na bera ere; 19:00etan hasita, Sandiusterriko aretoan.

Eta hitzaldiaren berri emateko, aurkezpena egin zuten os­­tegunean, Maria Setienek, Eti­­karte Fundazioko lehendakariak; eta Natxo Izetak, El­kar­­bi­zi taldeko ordezkariak. Eus­kal eliza eta berradiskidetzea izango da gaia: «Jose Maria Se­tienen pentsamenduan, oinarrizko gaia izan zen hori. Eta Uriarte eta Se­tienen hitzaldietan, bat datoz beraien ide­iak, adiskidetzea, bakea, egia, justizia eta elkarrizketari da­go­kienez», adierazi zuen Ma­ria Setienek. Eta azaldu zu­en, «biolentziaren aurrean eus­kal elizak duen postura zalan­tzan jarri den une honetan», ez­ta­baida eta foro ezberdinetan ari dela parte hartzen Uriar­te.


«Bake sendo batek, beste pauso bat eskatzen du; adiskidetzea»

Maria Setienek berak ekarri zi­tuen gogora, Uriartek esanda­ko hitzak, bere agerraldietako batean: «bake sendo eta gizatiar batek, eskatzen du beste pauso bat; adiskidetzea. Eta ho­rrek bere barnean hartzen du, egindako delituen egia errekonozitzea, biktimentzako justizia, eta hitz egin, barkamena eskatu eta ematea».

«Euskal eliza eta berradiskidetzea izango da hitzaldiaren gaia; Setienen pentsamenduan oinarrizkoa izan zena»

Natxo Izetak, bere aldetik, gogora ekarri zuen, Jose Ma­ria Setien izan zela aurreneko hizlaria, Pako Garmendiarekin,  Orekik eta Elkarbizik antolatutako egitarauan, bizikidetza­ren alde: «hitzaldi hartan, Setienek adierazi zuen, bakean bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzen dugun bezalaxe, guztiok dugula hura eraikitzeko obligazioa ere, modu batera edo bestera; eta saiatu behar dugula, bake gabeko elkarbizi­tzara eraman gaitzaketen liskarbide guztiak ekiditen. Ildo horretan egin nahi izan dugu lan, eta guretzat, erreferente morala izan da Jose Maria Se­tien», adierazi zuen Izetak.

2014an jarri zuten martxan egitarau hori, eta aurtengo pro­gramaren parte da, datorren asteazkeneko hitzaldia.

Etikarte Fundazioa, berriz, hiru urte lehenago sortu zuen, 2011n, Jose Maria Se­tienek be­rak; eta lehendakari izan zen, bere heriotzara arte. Funda­zioa eratu zen ekimenak laguntze­ko; aurre egiten dietenak, gi­za­kiaren garapenak plan­teatzen dituen desa­fio, espiritutik eta konpromisotik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!