Udako giro onak eskaintzen duen aukera aprobetxatuz, kalean eskainiko dute zine saioa, gaur gauean, Astigarragan eta Goizuetan.
Udako zine denboraldiko bigarren saioa izango dute, astigartarrek. Eta aurreko ostiralean Mi querida cofradía eskaini ondoren, Tomb Rider filma jarriko dute gaurkoan, gaueko 22:30etan hasita, Foru Plazan.
Bi ordu inguruko pelikula da, 12 urtetik gorakoei zuzenduta, eta gaztelaniaz jarriko dute. Lara Croft da protagonista, Londresen mezulari gisa lan egiten duena, bizikletan. Bera nerabe zela desagertu zen aita, eta egun batean, dena utzi eta Japongo kostaldera joango da, uharte mitiko baten bila. Izan ere, hori da bere aitaren azken egonleku ezaguna.
Datorren ostiralean, berriz, herriko bi elkarte edo talderen dokumentalak jarriko dituzte, 22:30etan Foru Plazan. Aurrena, Eme, eman, harri, Emarri jarriko dute, Emarri harri tira taldeari buruzkoa, Ander Iriartek zuzendu du, eta 12 minutuko iraupena dauka. Eta ondoren, eskainiko dute Ahizpatasun hariak, Harituz elkarteari buruzkoa. Eneko Olasagastik zuzenduta, 77 minutukoa da.
Bizitzaren zikloari buruzko istorioa, dantzan kontatua
Estreinako saioa izanen dute gaurkoa, aldiz, Goizuetan. Eta 22:00etan hasita, Dantza filma jarriko dute, Plazan. Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat da, bizirik irauteko borrokarena, baina dantzan kontatuko dute istorio hori, protagonistek. Haietako bat da, Joseba Astarbe astigartarra.
Drama musikal bat da, eta 98 minutuko iraupena dauka filmak. Nerabeei zein helduei dago zuzenduta.