Bi aste baino gutxiago falta dira, Astigarragako Santio jaiak hasteko: uztailaren 24tik 28ra izango dira. Eta dagoeneko hasi dira aurreratzen, izango diren ekintzetako batzuk. Horietako bat da, Gazte Asanbladak antolatu duen Play-back lehiaketa.
Santioen azkeneko egunean egingo dute, igandean bertan; arratsaldeko 19:00etan hasita, Gazte Asanbladak jaietan jarriko duen txoznan.
Antolatzaileek azaldu dute, «herri osoari» zuzenduta dagoela lehiaketa, «haur, gazte eta heldu». Eta guztiei luzatu diete gonbitea, parte hartzeko: «animatu eta apuntatu, ederki pasako dugu eta!».
Hain justu, zabalik dago izena emateko epea. Zipotza tabernan dago apuntatzeko zerrenda, eta uztailaren 16ra arte izango da aukera; datorren asteartera arte.
Entsaiatu, mozorrotu eta parodia egin
Apuntatzerakoan, eman beharko dira taldearen izena, helbide elektroniko bat eta telefono zenbaki bat. Bakoitzak aukeratu beharko du musika talde edo abeslari bat, eta bere abesti bat, lehiaketan kantatzeko.
Baina ez da kantatze hutsa izango, hala ere. Helburua da, talde edo abeslari horren papera hartzea, ahotsetik harago: «entsaiatu, mozorrotu, parodia egin... Ondo pasatzea da asmoa!», gogorarazi du Gazte Asanbladak.