Argiterian zenbait konponketa egin behar dituzte Ereñotzun, Alkatxuingo bidean; Txirrita eskolaren ondotik igotzen den bidean, hain justu. Eta hori horrela, itxita egongo da bidea, gaur goizean zehar.
Hala jakinarazi du Ereñotzuko Auzo Udalak, baina argitu du, hala ere, bertakoek bai, izango dutela bide horretatik igotzeko aukera.
Frontoirako orduak hartzeko epea, gaurtik zabalik
Eta bestalde, Auzo Udalak aditzera eman du, gaur zabalduko dela epea, datorren ikasturtean frontoian aritzeko orduak hartzeko, urtero bezala. Uztailaren 24ra arte izango da aukera, horretarako.
Zehazki, irailetik ekainera bitarteko egunetan hartu daitezke orduak. Auzo Udalean egin behar da eskaera, bertara joanda, 08:00etatik 14:00etara bitartean; edo mezua idatzita, ereinotzu@ereinotzu.eus helbide elektronikora. Auzo Udalean dago eskuragarri, ordutegien taula.
Eskaera pertsona baten izenean egin behar da, baina gutxienez, lau laguneko taldea ordezkatu behar du, eta eman beharko dira guztien izen-abizenak, eta kontu korronte zenbaki bat.
Ordutegien taularen arabera, eskatzaileek adierazi ahal izango dute, zein ordutegi duten nahiago; eta eskaera bat baino gehiago dauden orduetarako, zozketa egingo dute, epea bukatzen denean, Auzo Udalean. Ereñotzuarrek izango dute lehentasuna.