Beherapen Azoka antolatu du Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak, herriko hamabi komertzioekin batera, ostegun eta ostiralerako. Plaza Berrin izango da. Bihar, goizean 10:00etan hasi eta 14:00ak arte egongo dira zabalik; eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara bitarte. Etzi, berriz, goizeko ordutegian egongo da bakarrik, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, Hernani Jazz jaialdia dela eta, emanaldia izango da bihar herrian zehar, eta azokan bertan emango zaio hasiera.
Udako arropa eta osagarriak, «merke-merke»
Herriko hamabi komertziok eskainiko dute beren produktuak erosteko aukera: Eukene, Balantxa Elektrodomestikoak, Eguzki, Hiru Haur, Ikusi Makusi, Ilargi, Kera, Laket, Hoki Lentzeria, Mahuka, Oinatz, Orekan eta Valen. Arropa, pitxiak, edertasun produktuak eta hamaika aukera egongo dira azokan, beherapenarekin.
Diote, uda hasiera dela eta, «kapritxo bat edo beste erosteko aukera paregabea» dela, erositakoak oporretan estreinatzeko. «Udako eskaintza paregabeak» izango dira eskuragarri, beraz, gerturatzen diren guztientzat: «animatu eta pasa zaitez bertatik!».
Jazz ikuskizuna, azokan
Bihar hasiko da Hernani Jazz jaialdia ere, eta Beherapen Azokan bera izango du, puntuetako bat. EuskOrleans Dixie Bandek, emanaldia eskainiko du, Lindy Hopeko bi dantzarirekin batera herriko kaleetan barrena, eta azokan bertan emango diote hasiera saioari, arratsaldeko 19:00etan.