Hernaniko Udalean leheneste fasea, hau da bigarrena, hasiko dute gaur Erabaki Hernani prozesuan. Lau egunetan luzatuko da eta herritarrek aurkeztutako 210 proposamenen artean lehenetsi behar dituzte.
Aurreko bost urteetan bezalaxe, aurten ere saio irekien bidez egingo da lan hori. Lau saioetan ondorengo gaiei dagozkien proposamenak landuko dira: gaur, mugikortasuna eta irisgarritasuna, gazteak, herritarren parte-hartzea; bihar, asteartean, hirigintza eta obrak, kultura eta ondarea, zerbitzu sozialak; Etzi, asteazkenean, udal zerbitzuak, tokiko jarduera ekonomikoa, jarduera fisikoa eta kirola; eta uztailaren 11n, ostegunean, auzoetarako proposamenak, ingurumena, berdintasuna, kulturartekotasuna eta elkarbizitza, heziketa.
Udaletxean 19:00etan eta haur zaintza zerbitzua dago
Saio irekiak udaletxeko areto nagusian izango dira, 19:00etan hasita. Herritar oro gonbidatuta dago bertan parte hartu eta 2020ko udal aurrekontuko 500.000 euro zertan inbertituko diren erabakitzera. Lehenesteko lau saioetan haur zaintza zerbitzua egongo da. Partaidetza@hernani.eus helbide elektronikora idatzi dezake behar duenak.