ASTIGARRAGAN berdintasunaren inguruan etorkizuneko lan-ildoak identifikatu ahal izateko astigartarrei zuzendutako saio irekia antolatu du Udalak, Emakunde eta Elhuyarren laguntzarekin. Honela, bihar 15:00etan, udaletxeko Pleno aretoan burutuko duten saio irekira gonbidatu dituzte herritarrak. «Herritar eta eragile ororen parte hartzea garrantzitsua da, ikuspuntu anitzak jasotzeko eta guztien iritziak ezagutzeko aukera izateko» diote Udaleko arduradunek.
Herria herritarrek baino hobeto ez du inork ezagutzen, hori dela eta, «beraien laguntza behar dugu» diote Astigarragako Udalean.
Hilabete batzuk lanean berdintasuna nola bizi den jakiteko
Hilabete batzuk daramatzate berdintasunari dagokionez zer egoera duen herriak eta jendeak hau nola bizi duen ezagutzeko. Herriaren egoera ezagutu eta pertsona edota eragile ezberdinen ekarpenak jasotzeko prozesua aurrera eramaten informazio asko bildu da eta badituzte Udalean pista batzuk, baina herritarren ustez, zeintzuk diren Astigarragako erronka nagusiak berdintasunari dagokionez eta zer landu beharko litzateke jakin nahi da.