Hernaniko okindegiek ogiaren kalitatea zorrozten duen arau berria betetzen zuten, indarrean sartu aurretik

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 6a, 02:00

Uztailarekin batera  inda­rrean sartu zen astele­henean ogiaren kalitateari buruzko arau berria, Ministro Kon­tsei­lu­ak apirilean errege dekretu bidez onartu zuen araua, hain zuzen ere.

Arau berriak ogi integrala, ore ama eta ohiko ogiak egiteko arau zorrotzagoak zehazten ditu. Ogi integrala egiteko, adibidez, %100 irin integrala erabili beharko da. Erabat integralak ez diren ogien kasuan edo zerealdunetan, irinaren portzentaia zehaztu beharko da etiketan.

Ore amaren definizioa zehazten du arauak, eta ohiko ogiaren definizioa zabaltzen du. Era horretan, orain arte %10eko BEZa zuten hainbat ogi %4koa izatera pasako dira, ogi arrun­tak izango baitira. Arau­diaren arabera, ore amak legami in­dustrial kantitate mugatua izan beharko du eta oso zorro­tzak izango dira «ore amarekin egina» etiketa jartzeko baldin­tzak. Ogi arruntaren orain ar­te­ko definizioa aldatzen du gai­ne­ra arau berriak, eta gari iri­naz gain beste irin mota ba­tzu­ekin egindakoak ere arruntak izan ahalko dira, irin inte­gralarekin egindakoak barne.

Hernaniko okindegietan ez da aldaketarik apenas suma­tuko, ez behintzat Sulabe Peña okindegian. «Guri aldaketa gutxi suposatzen digu. Izen­dapen batzutan egin dugu aldaketa, baina besterik ez. Ez genion integrala deitzen %100 integrala ez zen ogiari. Araudi berri honek aldaketa supo­satuko die supermerkatuko ogiari seguruasko».


Ogiaren erosketa, minimo historikoetan

Elikadura kontsumoari buruz­ko txostenaren arabera, Espai­nian ogiaren salmentak %2 egin zuen behera iaz, minimo historikoetara iritsita, eta ogi kiloa 2,40 euroan saldu zen, 2017an baino %0,2 merkeago. Jaitsiera horiek direla eta, %2,2 gutxitu zen ogiaren balioa mer­katuan. 

Ogiak honela banatzen dira: ogi berri integrala, arrun­ta eta gatzik gabea; eta ogi in­dustrial egin berria eta lehorra. Ogi egin berria da herritarren artean gehien kontsumitzen dena: guztien %23,89. Gutxien kon­tsu­mitzen dena, ostera, ga­tzik ga­beko ogi egin berria da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!