Udaleko Berdintasun Sailak eta Mugimendu Feministak San Joanetan izandako bi eraso sexistak salatu nahi izan ditu eta balorazio orokorra egin dute. «Emakumeen kontrako indarkeriarik ez dauka etenik! Gure herria ere horren islada da eta, gurean ere, jai giroan, eraso sexistak izan dira. Zehazki, bi erasoren berri izan dugu jai hauetan. Irmoki salatu nahi ditugu bi eraso hauek, erasoak jasan dituztenei gure elkartasun eta babes guztia adierazi eta erasotzaileei zuzenean esan nahi diegu ez ditugula horrelako jarrerak onartzen. Erasotzaileek ez dute lekurik gure artean. Askatasunez bizi nahi ditugu jaiak eta hori lortzeko elkarlanean jarraituko dugu!».
Lapurdiko hilketa gogorarazi dute
Egun hauetan festak nonahi ari dira ospatzen eta Hernanin herriko jaiak pasa berri dira; «musika edozein txokotan, alaitasuna, dantza... hala ere dena ez da ospakizun kutsukoa izan. Batetik, gu jai giroaz gozatzen aritu garen bitartean, Bardozen (Lapurdin) gizonezko batek bere emazte Chantal Monte hil, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Euskal Herriko bigarren erahilketa matxista izan da, hain zuzen ere».
Telefonoa eta ?Indarkeria sexistarik gabeko gunea? erabili dituzte Hernanin.
Jarritako bi baliabideen balorazio positiboa
Gogorarazi nahi dute, aurten, Indarkeria sexistarik gabeko gunea jarri zela bi egunetan, herritarrei informazioa emateko eta eraso sexisten kontra sentsibilizatzeko asmoz. Horretaz gain, arreta telefono bat ere martxan jarri zen. Telefono zerbitzu horrek 24 orduz funtzionatu zuen, eta horren helburua zen erasoen aurrean informazioa eta arreta ematea.
Bi baliabide hauen balorazioa positiboa da, «hernaniarrek tresna hauek erabili baitituzte eta ondo funtzionatu dute. Eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsitako konfidantzagatik eta bai telefonora deitu nahiz informazio gunera gerturatu diren emakumeei, bizi izandakoaren berri emateko pausua eman dutelako. Beharrezkoa da kasu hauen berri ematea, ikusgarri egiteko; izan ere, ez bada esaten ez baita existitzen».