Erabaki Hernani Decide 2020 aurrekontu partehartzaileen prozesuaren bigarren fasea abiatuko du Udalak etzi, astelehenean, lehenesteari dagokiona. Batzorde Politikoaren kudeaketari, eskumenei... dagozkionak kenduta, 210 proposamen aztertuko dituzte herritarrek leheneste fasean.
Lau saio izango dira astelehenetik ostegunera
Aurreko bost urteetan bezalaxe, aurten ere saio irekien bidez egingo da lan hori. Horretarako, lau saio izango dira datorren astean zehar; horietan, ondorengo gaiei dagozkien proposamenak landuko dira:
Etzi, mugikortasuna eta irisgarritasuna, gazteak, herritarren parte-hartzea.
Uztailaren 9an, asteartean, hirigintza eta obrak, kultura eta ondarea, zerbitzu sozialak.
Uztailaren 10ean, asteazkenean, udal zerbitzuak, tokiko jarduera ekonomikoa, jarduera fisikoa eta kirola.
Uztailaren 11n, ostegunean, auzoetarako proposamenak, ingurumena, berdintasuna, kulturartekotasuna eta elkarbizitza, heziketa.
Udaletxean 19:00etan eta haur zaintza zerbitzua
Saio irekiak udaletxeko areto nagusian izango dira, 19:00etan hasita. Herritar oro gonbidatuta dago bertan parte hartu eta 2020ko udal aurrekontuko 500.000 euro zertan inbertituko diren erabakitzera. Lehenesteko lau saioetan haur zaintza zerbitzua egongo da. Partaidetza@hernani.eus helbide elektronikora idatzi dezake behar duenak.