Txapelketen asteburua izan zen aurrekoa, Astigarraga eta Hernaniko txirrindularientzat. Eta izugarria egin zuen Xabier Mikel Azparren astigartarrak, Espainiakoan: erlojupeko txapelketa irabazi zuen, 23 urtez azpikoetan. Irteeran aurrenekoetakoa izan zen, eta erreferentziarik ez edukita ere, sekulako lasterketa egin zuen, 26:51 denbora lortuta. Hortik aurrera, faboritoetako inork ez zuen gainditu, bere denbora.
Eta astigartarraren garaipen haundia borobiltzeko, podiumera igo zen Enekoitz anaia, larunbatean, junior mailako Gipuzkoako errepideko Txapelketan, Mendaron.
Oso lasterketa mugitua izan zen, erdialdera arte, ihesaldi saiakera askorekin; tartean, Telmo Semperena astigartarrarenak. Azkenean, bi txirrindularik egin zuten ihes, eta eguneko bi mendateak gaindituta, 11 laguneko talde bat batu zitzaien. Haiek jokatuko zuten garaipena, esprintean, eta horien artean zen Azparren. Iñaki Diazek lortu zuen garaipena, eta bera izan zen Gipuzkoako txapeldun. Astigartarrak seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, baina hirugarren izan zen, gipuzkoarren artean. Atzetik, 16garren helmugaratu zen Ibai Rodriguez hernaniarra, eta 21garren Semperena. Iker Iriondo eta Hegoi Urretabizkaia hernaniarrek ere bukatu zuten proba.
Gaurkoan, taldekako erlojupeko txapelketak izango dituzte Legorretan, juniorrek (09:45) eta kadeteek (11:15).