Zehaztu ditu Astigarragako Udalak, legealdi berriko funtzionamendua eta egitura. Joan den asteartean egin zuten aurreneko Plenoa, eta bertan onartu zituzten, batzorde ezberdinen osaketak, zinegotzien ardurak, eta Pleno eta bileren maiztasun eta datak.
Udal berria osatzeko Plenoko akta eta idazkariaren inbentario txostena onartuta, azaldu zuten hiru udal talde sortu direla, EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE; eta bozeramaile batzordeak honako osaketa izango duela: Xabier Urdangarin alkatea lehendakari, eta bozeramaile Esti Neira (EH Bildu), Nerea Zusberro (EAJ) eta Mikel Duran (PSE-EE).
Eta segidan, proposatu eta onartu zuten, Plenoak hileko azkeneko asteartean izatea, arratsaldeko 19:00etan, «herritarren partehartze ahalik eta haundiena izateko», alkateak azaldu zuenez. EAJk adierazi zuen, ez dela «ordutegi egokiena familia eta lana kontziliatzeko», eta abstenitu egin zen, PSE-EE bezala. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen.
Hamar batzorde, osatuta
Batzorde informatiboen bilerak, berriz, hileko bigarren astean izango dira. Hamar batzorde osatu dira, eta EH Bilduko zinegotziak izango dira lehendakari, guztietan: Andoni Gartzia, Hirigintza, etxebizitza, ingurugiroa eta mugikortasuna, eta Ogasuna eta ondarea batzordeetan; Aitor Güemes, Obrak, zerbitzuak eta uholdeen aurkako batzordean; Roxali Fernandez, Hezkuntza eta DBHren aldeko batzordean; Ione Olaziregi, Kirolak, jarduera fisikoa eta gazteak batzordean; Aintzane Barandiaran Kultura, euskera eta jaiak, eta Berdintasuna eta partehartzea batzordeetan; Esti Neira, Gizarte zerbitzuak eta adineko pertsonak batzordean; eta Xabier Urdangarin, Komertzioa, turismoa eta tokiko garapena, eta Kudeaketa eta pertsonala batzordeetan.
Batzorde guztietan, EH Bilduk hiru ordezkari izango ditu, eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk bana. «Oreka falta» salatu zuen EAJko Zusberrok, baina «egoki» ikusi zuen PSE-EEko Duranek, «Plenoan dagoena islatzen duelako. Bestela, zazpi kidera pasa beharko litzateke, eta hori mini-Pleno bat litzateke». Kontratazio Mahai iraunkor bat sortzea ere adostu zuten, aho batez.
Udalak beste erakundeetan izango dituen ordezkariak ere zehaztu zituzten, eta Zusberrok nabarmendu zuen, «Astigarraga Lantzenen izan ezik, EAJ baztertua» izan dela. EH Bilduko Gartziak erantzun zion, aurreko legealdian EH Bildu izan zela baztertua, «EAJk adina zinegotzi izan arren».
Alkate eta zinegotzien dedikazioari dagokionez, lanaldi osokoa izango du Urdangarinek, hilean 3.845,13 euroko soldata gordinarekin; eta lanaldi erdikoa EH Bilduko Neirak (Alkatetzako idazkari eta komunikazio lanak egiteko) eta EAJko Zusberrok, hilean 1.151,92 euroko soldata gordinarekin.
Zusberrok adierazi zuen, soldata «igoera haundia» izango duela alkateak, Zorione Etxezarraga aurreko alkatearen aldean; eta Urdangarinek erantzun zion, lehendik duen lanpostuaren maila bereko ordainsaria izango duela (tokiko administrazio publikoko goi-mailako eskalako karrerako funtzionarioa da). Gainera, nabarmendu zuen urtean 129.473,72 eurotik 115.476,70 eurora murriztuko dela alkate eta zinegotzian pertsonaleko kostua, 3,1 lanalditatik bira pasako delako.
Eta alkateordeak ere jakinarazi zituzten, orden honetan: Aintzane Barandiaran, Andoni Gartzia, Nerea Zusberro eta Mikel Duran.
Aurrez prentsa ohar bidez egin bezala, Plenoan ere salatu zuen Zusberrok, «EH Bilduk alkatetza hartu zuenetik, bi astetan alkatetza goizetan itxita» egon dela. Urdangarinek erantzun zion, «gezurra borobila» dela hori: «ni abuztuaren 1ean liberatuko naiz, baina hala ere, astean hiru egunetan etorri naiz, astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 16:00ak edo 17:00ak arte. Hasteko modu txarra da gezurretan aritzea, eta espero dut zuen jarrera, legealdi honetan, ez dela gezurrean oinarrituko». Zusberrok erantzun zion, EH Bildu ez dela egokiena, «oposizioa nola egin esateko».
Santio jaiak eta Hezkuntza, aurreneko bi asteetako lanak
Aurreneko hamabost egunetako balorazioa ere egin du Udal Gobernuak; eta abiapuntuko egoera ezagutzeko udaleko zerbitzu eta sailekin bilerak egiteaz gain, bi lan nabarmendu ditu. Batetik, Santio jaien antolaketa: «oso epe laburrean, Santioen antolaketari astindu on bat eman behar izan diogu, gauza asko eta asko zeudelako erabakitzeko eta egin gabe».
Bestetik, Hezkuntzari dagokionez, Haurreskola berria egiteko, Herri Eskola haunditzeko eta DBHko ikastetxea eraikitzeko «espediente, dokumentu eta txosten guztiak aztertzen» aritu dira: «orain, Haurreskola egiteko aurreproiektua aztertzen ari gara, eta proiektua idazteko lehiaketa prestatzen, laster aterako dena. Gainera, Hezkuntza Saileko Gipuzkoako Ordezkaritzarekin bilera hitzartu dugu uztailaren 9rako, Herri Eskola haunditu eta DBH eraikitzeko proiektuen egoera zein den aztertu eta lankidetzan hasteko».
Orain, uztailean zehar, bisita-bilerak egingo dituzte Anuska eta Santiomendi auzoetara, «hiritartze lanen berri emateko»; eta Kultur Etxe berrira bisitak antolatuko dituzte, herriko kultur eragileekin.
Hurrengo Plenoa, hilaren 23an
Uztailean egingo du Udalak, hurrengo Plenoa. Baina hileko azkeneko asteartean beharrean, hilaren 23ra aurreratu dute, arratsaldeko 19:00etan. Aurretik, Ogasun, Hirigintza, Kultura eta Euskera Batzordeak bilduko dira, «presaz atera beharreko gaiak daudelako».
Abuztuan, berriz, ez da Plenorik izango.