Festarako gogoz elkartu ziren atzo goizean, Martindegiko auzotarrak, eta kalejiran iragarri zuten, San Ferminak hasi zirela. Eta eguerdirako, giro ederra nagusitu zen, Oialume aurrean.
Helduak hamaiketakoa egiten pozik, ikusita zeinen gustora ari ziren jolasean, gaztetxoak: nola edo hala saihestu nahi izan zituzten buruhaundien bizkarrekoak, baina kolpeetatik libratu ez zirenak, piñatak izan ziren... Punteria ederra erakutsi zuten gaztetxoek!
Arratsaldean segi zuen festak, karabina lehiaketarekin, marrazkiekin, tortilla eta sagardo dastaketekin... Eta martxa geldiezina hartu zuten horrela, astebururako. Gaurkoa eta biharkoa izango dira egun nagusiak, herri kirolak, musika, bertsolariak edota auzo bazkaria faltako ez dituzten jaietan.