San Joanei segida emanez, udako festak ospatzeko garaia heldu da eta Martindegin indartu heldu diote San Ferminen egitarauari. Gaur emango diete hasiera, auzoko kalejirarekin, goizeko 10:30etan, eta igandean bukatuko dira.
Hiru egunetan haur gazte eta helduei zuzendutako ekintzak eta erakustaldiak antolatu dituzte. Beste zita askoren artean, txikienek puzgarrietan dibertitzeko aukera izango dute, eta gazteentzat diskofesta ere prestatu dute. Bestalde, sagardo eta pintxo dastaketa, urteroko Dema eta bertsolarien saioak ere izango dira festetan.
Haurrentzako eguna, gaur
Txikienek festa giroan murgiltzeko aukera egunero izango dute, baina bereziki gaur da beraien eguna. Goizeko 11:30etan haur jolasak eta buruhaundiak izango dira. Horrez gain, auzoko hildakoen alde meza egingo da, 11:00etan. Ondoren, hamaiketakoa egingo da, Oialume tabernaren eskutik, bertako atarian. Eta arratsaldean, haurrei zuzenduta, baita ere, marrazkia, puzgarri bereziak, barredora, eta beste hainbat ekintza egongo dira, 18:30etan.
Bestalde, eguneko plater indartsuenetako bat sagardo dastaketa eta tortilla izango dira. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera dastaketako tortillak jaso eta jarraian, hamahiru sagardotegiren sagardoa dastatzeko aukera izango du gerturatzen denak. Eguna bukatzeko, FAN&GO erromeria taldeak plaza alaituko du.
Auzo bazkaria, larunbatean
Oialume ingurukoak eguerdian bilduko dira urteroko auzoko bazkaria egiteko eta eguneko festa giroan jarraitzeko. Halere, goizaldean Mobida eta bazkal aurretik goiko arestian oroigarri xume bat egingo zaie ?gure artean ez daudenei?. Gero, umeen txanda izango da, berriro ere, gaztelu puzgarri, eta urtero izaten diren zezen txiki eta zaldiekin.
Arratsaldean, LAIOTZekin dantzaldia egongo da. Lehenengo saioa 19:30etan izango da eta ondoren, gaztetxoentzat diskofesta izango da, Plaza Berrin. Honen ostean, ez zaie etenik emango festei: LAIOTZen bigarren saioa 24:00etan hasiko da eta indarrekin jarraitzen dutenentzat, platano dantza lehiaketa xelebrea egingo da, goizaldera.
Azken egunean, Euskal Festa
Igandean dute luzitzeko zita aizkolari eta harrijasotzaileek. Iker Vicente alde batetik, eta Ibai Soroa eta Suharri Paollak osatutako bikoteak, bestetik, aizkolarien lehia izango dute. Bestalde, Inhar Urruzuno harrijasotzailea bere diziplinan arituko da. Bertsolariak ere izango dira igandean. Bi saio egingo dituzte, goizean eta arratsaldean; Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Amuriza egongo dira.
San Ferminei bukaera emateko, Eider eta Lierni Tolosa ahizpekin erromeria egingo da eta ondoren, auzoan zehar kalejiran aterako dira bertakoak, orain bai, auzoko festak hurrengo urtera arte agurtzeko.