Duela urtebete hil zen Jose Maria Setien, Donostiako eliz-barrutiko Gotzaia izan zena. Heriotzaren urteurrena betetzen denean, gotzai hernaniarraren ondare intelektuala kudeatzeko sortutako Etikarte Fundazioak Juan Maria Uriarte gotzai emeritoaren hitzaldia antolatu du, Jose Maria Setien zenaren oroimenez.
Uriarte gotzaia Euskal eliza eta errekonziliazioa gaiaz arituko da, uztailaren 17an, asteazkenean, 19:00etan, Hernaniko Zaharren Egoitzaren ondoan dagoen Sandiusterri udal aretoan egingo den hitzaldian.
Etikartetik diote ezaguna dela Setien gotzaiak berradiskidetzea eta barkazioa lortzeko prozesuei eman izan zion garrantzia, lan horietan Elizaren inplikazioa ere eragin nahirik. «Bere iritziz, prozesu horiek presarik gabe kudeatu beharrekoak dira, beharrezkoa litzatekeen pazientzia historikoarekin hartuz».
Ikuspegi horrekin bat eginez, Uriarte gotzaiak uste du «berradiskidetza garaia» bizi dugula. «Horma altuak eta zauriak larriak» diren arren, esaten du errekonziliazioari buruz hitz egitea beharrezkoagoa egiten duela horrek.
Ekitaldiaren ardura nagusia Etikarte Fundazioarena bada ere, Oreki eta Elkarbizi taldeen laguntza jaso du, eta bultzatzen duten elkarbizitzaren aldeko urteko programazioaren barruan dago.