ASTIGARRAGAKO udaletxean, ezohiko Plenoa egingo da gaur, 19:00etan; eta bertan landuko dira batzordeen egiturak, kargu hartzeak, eta beste hainbat gai. Xabier Urdangarinek hartu zuen alkate makila, ekainaren 15ean, eta baita zinegotziek kargua hartu ere. Gaur hartuko dituzte, sail eta ardura ezberdinak.
Legegintzaldi berriko aurreneko Plenoa izango da, eta bertan zehaztuko dituzte, Tokiko Gobernu Batzordea osatuko duten kideak, batetik; bozeramaileak, bestetik; eta sail bakoitzeko arduradun izango diren zinegotziak, azkenik.
«Gobernu talderik gabe bi aste», dio EAJ-PNVk
EAJ-PNVk, bere aldetik, bere kexa adierazi du, prentsa ohar batean: «korporazio berria osatu zenetik, eta EH Bilduk alkatetza hartu zuenetik, ekainaren 15ean, bi astetan alkatetza goizetan itxita egon da, herritarren arreta orduetan».
EAJk uste du, «gabezia honen ondorioz, Astigarragako bizilagunek atentzio falta» izan dutela EH Bilduren gobernuan, bi aste horietan. «Jeltzaleek uste dugu, hasiera txarra izan duela udal gobernuak, eta espero dugu, talde berriak ahalik eta azkarren hartzea Udalaren agintea».
Gainera, berretsi du «legealdian zehar eta oposiziotik» lanean jarraituko duela, «Astigarragaren eta gure herrian bizi direnen alde». Eta jakinarazi du, «EAJ-PNVren bulegoak, orain udaletxeko bigarren solairuan hirigintza departamendu ondoan», irekita egongo direla goizero, «hurbildu nahi duten astigartarrentzat». yy