Goizeko 06:00ak dira, San Joan jaietako edozein egunetan. Edalontzia eskuan, lastozko txapela buruan, eta oinetako belztuak arrastaka, gaueko ilunaren ezkutalekua ezustean galdu eta egun berriaren argitan agerian geratu diren gaupaseroak ikusi daitezke, edonon. Ez dira desordu hauetan kalean dabiltzan bakarrak, ordea.
Aireztagailua edo bolantea eskuan, belarriak babesteko kaskoak buruan, eta oinetako sendoak soinean, kale garbitzaileak lanean hasiak dira, garbigailu mugikorrera igota, edo oinez; tartean, Iñaki Aizpuru eta Iñaki Irastorza.
Hasi, eta ezin bukatu
Denera 15 edo 17 garbitzaile inguru aritzen dira San Joan jaietan, kaleak garbitzen; normalean baino hiruzpalau gehiago. «Egun normaletan, astean zehar, goizeko 06:00etan hasi eta eguerdiko 13:15etan bukatzen dugu», azaldu dute. «San Joanetan, ordea, 06:00etan hasi, eta bukatzen dugu, lana bukatzen denean! Saiatzen gara ordurako izaten».
Aurrena Kaxkoan hasten dira; egun «potenteenetan», bereziki. «Aurreneko eguna, San Joan bezpera, asko nabaritzen da. Lan haundienetako eguna izaten da guretzat 24 goiza. Gero, koadrilen eguna, guretzat 26 goiza, potentea izaten da, baita ere. Gainera, sokamuturra egoten da, eta, beraz, azkar garbitu beharra dago, 07:30etarako erdigunea garbi utzi behar da: Andre Kale, Karkaba Aralar eta Aker pareraino...».
Lan egin nahi, eta ezin
Egun batzuetan lan haundiagoa izaten den bezala, aurkitzen duten zaborra ere desberdina izaten da San Joanetan; Atez Atekoa ahaztu egiten da, nonbait.. «Zentroan eta inguruko parkeetan egoten da zikinkeria gehien. Lurrean denetarik egoten da, eta agian, edozer eta denetarik botatzeko ere aprobetxatzen duenik bada... Bidrioa ere asko dago; botiloia, litroak egiten dira».
Hala ere, «okerrena, jendea agoantatu behar izatea» dela diote. «Ez dizute lan egiten uzten! Gainontzean, lana da, eta egin egiten dugu».?Dena den, egoera hobetu dela nabaritu dute, azken urteetan. «Udaltzainak ez dira urruti ibiltzen, ikusten ditugu, eta laguntzen digute. Gehiago kontrolatzen dute. Garai batean garbigailu gainera igota ere ibiltzen zen jendea... Eta oraingo jendea ere aldatu da, gaztetxo asko ibiltzen da».
Gaztetxoak edo helduagoak, baina denak parrandan, eta gutxi batzuk lanean... Dena den «festetarako tartea» ere hartzen dute. «Ez gara denok egunero lanean aritzen!».