San Joan jaien aurretik, ekainaren 19tik 21era, hiru hitzordu berezi jarri zituzten Biterin: Las locas proiektuari ekarpena egiteko, ohe-estalki edo koltxa zatiak egiteko hiru saio ziren.
Eta bertara azaldu ziren, hainbat eta hainbat emakume. Mariana Sellanes uruguaytarrak sortutako proiektua da Las locas: «Venezuelan bizi naiz ni, eta han, emakumeek koltxak egiten dituzte, baina orden eta diseinu jakinik gabe. Horregatik, locas deitzen diete koltxa horiei», azaldu du. Eta proiektuaren jatorria ere kontatu du: «beti egon naiz artearen munduari lotuta, baina oraingoan, zerbait konpartitua egin nahi nuen, beste emakume batzuekin. Horrela, nik egindako koltxa zatiekin batera, beste emakume askorenak daude, elkar josita». Zehazki, 10 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera zuen ohe-estalkia iritsi zen Hernanira: duela bi urte sortu zenetik, Venezuelan, Düsseldorfen eta Madrilen izan da.
Mundu osoko emakumeen ekarpena, Hernanin ere
Orain arte egindako ohe-estalkia ikusgai jarri zuten bertan, eta horri josi zizkioten, Hernanin egindako zatiak. Eta bertako emakumeek ez ezik, Maroko, Ekuador, Peru, Mendebaldeko Sahara, Nikaragua edota Kolonbiako emakumeek ere hartu zuten parte, hiru saioetan, beraien ekarpena egiteko, mundu mailako ohe-estalkiari.
Hernanitik, bere bizilekura, Venezuelara bueltatu dira Sellanes eta Las locas proiektua; baina aurreratu du, munduko txoko gehiago bisitatzen jarraituko duela, doan lekura doala, ohe-estalki hori haunditzen eta sendotzen jarraitzeko.
«Denok sentsibilizatu nahi gaituen objektu magiko» bilakatu nahi du koltxa erraldoia, Sellanesek, mundu mailako ehuntze lan kolektiboaren bitartez. Hernanik, dagoeneko jarri dio bere alea, sentsibilizazio saiakera horri.