Mende bateko jarduna, Hernani eraldatu zuena

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 24a, 02:00

Nork bere herria ondo asko ezagutzen duela uste izaten da, baina, hala al da, benetan? Asko izango dira Hernanin pos­pologintzak izan zuen garrantziaren berri ez dakitenak. Edota Urumea bazterretako burdinoletan egindako aingurak Europa osora esportatzen zirela susmorik ez dutenak. 

Horiez gain, bestelako hainbat jarduerak eraldaketa haundiak eragin zituen Hernanin, eta horien berri emateko egin du lan, aurten, San Joan Konpartsak. Urtero bezala, ekainaren 27an aterako da desfilean, 18:30etan Plazatik, eta ka­rrozarekin batera, liburuxka banatuko du, Hernanik izan duen bilakaeraren berri herritarrei emateko. Zehazki, 1850 eta 1950-60 urteen artean izandako aldaketen berri jaso du.

Herritik hirira, salto batean

Bi menderen arteko 100 urteko tarte ho­rretan Hernanik bizi izandako aldaketak ikusteko hiru arlo aztertu ditu San Joan Konpartsak, eta horietako bat izan da, demografia. Gaur egun, 20.000 biztanletik gora dituen herri honi dagoeneko hiri izendapena eman zaio. Baina orain dela 150 urte inork gutxik imaginatuko zuen halako aldaketarik.

Hernaniko biztanleriaren inguruko aurreneko datuak XVI. mendekoak dira, Errege Inprentan argitaratutako errolda­koak. Bertan aipatzen da «27 su» zeudela Hernanin; hau da, sutondo edo etxe. Su bakoitzeko 5,5 herritar «petxero» (plebeio) kontatzen ziren, eta petxero bakoitzeko, bost biztanle. Beraz, 740 biztanle petxero zeuden Hernanin. Biztanleriaren %56 ziren, ordea; beste %44 kapareak, hidalgoak ziren. Hortaz, 1550. urtean 1.325 biztanleren bueltan izango zituen Hernanik.

Datu demografiko horiek, hala ere, «ez dira oro har oso sinesgarriak». 1857tik aurrera, ordea, errolda ofizialak egiten hasi ziren, eta ordutik 1960ra arte bost aldi bereizi dituzte, biztanleriaren hazkunde maila kontuan hartuta.

Batetik, 1857tik 1900era arteko aldia: 3.641 biztanletik 3.672 biztanera arteko gora-beherak izan ziren, besteak beste, tartean Gerra Karlista izan zelako, errolda batzuetan berez Donostiari zegozkion baserri batzuetako biztanleak zenbatu zirelako, Kubako gerraren ondorioz soldaduak han-hemenka zebiltzalako...

Hernaniko Udalak, Fagollaga, Pikoaga eta Ereñotzuko burdinolen jabeekin elkartuta, kontratua sinatu zuen Gortearekin 1750 urtean, urtero 20.000 tona aingura egiteko.

Bigarren aldia 1900etik 1920ra artekoa da; 5.405 biztanlera arteko hazkundea izan zen, pixkanaka. 1920tik 1940ra ere izan zen hazkundea, baina poliki, 7.093 biztanle izatera iritsi arte, tartean, 30eko krisi ekonomikoak eta 36ko Gerra Zibilak eragina izan zutelako.

Azken bi aldietan, berriz, haundiagoa izan zen hazkundea: 1940tik 1950era %21 hazi zen Hernaniko biztanleria, 8.577ra iritsi arte, eta 1950etik 1960ra, bereziki, 1954etik aurrera, %41, 13.080 hernaniar izatera iritsi arte. Azken garai horretan, jakina da, inmigrazioak izan zuela eragin na­barmena, batez ere, egitura eko­nomikoan izandako aldaketek eraginda.

Nekazaritzatik abeltzaintzara, eta azkenik, industrializaziora

Hernaniko jarduera ekonomikoan izan­dako aldaketak aztertu dituzte, hain zu­zen, beste bi arloetan. Horietan au­rre­nekoan, nekazaritzatik abeltzaintzara egindako aldaketak.

1857an, erroldarekin batera, galdetegia egin zitzaien herritarrei. Horrela, jasota geratu zen datua: herritar aktiboen %56 nekazariak ziren. Produktu nagusiak ziren garia, artoa, babarruna, baba, gaztaina, pa­tata, sagardoa, arbia eta sagarra. Gi­za­kien elikaduraren oinarri zirenez, ga­rrantzia berezia zuten gariak, patatak, sagarrak eta sagardoak. Artoa eta arbia, berriz, abereak elikatzeko erabiltzen ziren. Abereen artean, behiak eta ardiak ziren nagusi; txerriak ere, dezente; eta zaldi, asto eta mandoak, gutxiago. Azken hauek landa-lanetara eta garraiorako erabiltzen ziren. Hain zuzen, basogintzak ere garrantzia izan zuen Hernanin. Horren adibide da, esaterako, 1417an Donostiak eta Hernanik sinatu zuten dokumentua; Urumeako mendiak bi kontzejuenak bihurtu ziren, ustiatu ahal izateko. Egur eta landare-ikatzak lortzen zituzten, horrela, esaterako, burdin­ol­e­ta­rako.

Nekazaritzan pixkanaka aldaketak ere izan ziren, noski: 1900era arte, adibidez, gariaren ekoizpenak gorakada haundia izan zuen, baina 1930etik aurrera ez zen ia inon landatzen; artoaren ekoizpena ere jaitsi zen. Bestalde, abeltzaintzan indarra hartu zuten behi-aziendek eta gurdi-abereek. Ondorioz, lur gehiago behar zen abereentzako elikagaiak landatzeko.

Horrek, hurrengo urteetan industria jardueran izandako aldaketak gehituta, Hernaniko jarduera ekonomikoa guztiz aldatu zuen.

Burdinola eta meatzeak, indarrean

Hain zuzen, aztertutako hirugarren arloa industria jarduerarena da, berebiziko era­gi­na izan baitzuen Hernaniko jarduera eko­nomikoan, eta, baita ere, demografian.

Iraultza industriala XX. mendean etorriko bazen ere, baziren Hernanin jarduera nabarmenak.

Horietako bat zen burdinolena. Eu­ro­pan IX. mendean sortu ziren, eta Euskal He­rrian XIV. mendean hasi ziren uga­ri­tzen. Hernanin, Urumea ibaiaren baz­te­rretan, Nafarroako mugan hasi eta Portu auzoraino hainbat burdinola izan ziren: Aparrain, Pagoaga, Pikoaga, Urruzuno edo Olazar, Olaberriaga edo Olaberri, Hue­rra­tua (Ubarrato), Abillas, Lasa, Ereñotzu, Fa­go­llaga, Epela, Zego edo Eziago eta Osi­ña­ga. Haietan ekoizten zen materiala gab­a­rra edo ontzi haundietan garraiatzen zen ibaian behera, Porturaino, eta handik, Do­nostiara. XVIII. mendearen erdialdean itsasogintzan izan zen gorakadak ere era­gina izan zuen. Horrela, Hernaniko Uda­la, Fagollaga, Pikoaga eta Ereñotzuko bur­dinolen jabeekin elkartu zen 1750ean, eta Gortearekin kontratua sinatu zuen, lau urterako, urtean 20.000 tona aingura egiteko. Handik urte batzuetara, ordea, 1855ean, ondasunak desamortizatzeko onartutako legearen eraginez, Udalak saldu egin behar izan zituen bere instalazioak. Hori horrela, beste hainbat arazo gehituta, burdinolak desagertuz joan ziren; batzuk, errota bihurtu ziren, baina teknologia siderurgikoaren ga­ra­penarekin hauek itxi egin ziren.

Industrializazioaren aurreko beste jarduera nabarmenetako bat meatza­ri­tza­re­na izan zen, XIX. mendearen erdial­de­an. Ingeniari frantses batzuen eraginez piz­tu zen arlo hau, ikatza egiteko mea­tzerik ba ote zegoen begiratzera etorrita. Antziolako San Emilion 1850ean hasi ziren ustiatzen; Arrieta baserriaren ondoan, 1857an; Marluz-txikin 1859an; eta Jauregi baserri ondoko La Venturan, 1863an. 1900eko aurreneko hamarkadan bost harrobi zeuden Hernanin, kareharria ateratzeko: Mariluz, Santa Barbara, Epele-etxeberri, Etxa-erreaga eta Bartolua-enea. Santa Barbarakoa, dena den, aspaldidanik ustiatzen zen.

Pospologintza, industria iraultzaren aitzindari

Eraldaketa nabarmenen erantzule izango zen geroxeago gertatuko zen industria iraultza, nahiz eta ordura arteko industria jarduerek ere garrantzia izan zuten.

Iraultzaren aurretik, hala ere, «na­bar­mentzeko modukoa» izan zen beste jar­du­era bat ekarri nahi izan du San Joan Kon­­par­tsak gogora, «batetik, jarduera hori ez de­la­ko Hernanin oso ezaguna, eta, bes­tetik, gure udalerrian lekua hartzen hasi zen iraultza industrialaren aitzindari izan zelako nolabait». Pospologintzaz ari dira.

XIX. mendearen aurreneko erdian izan zuen hasiera Hernanin, nahiz eta bi­ga­rren erdian hartu zuen indarra. Es­ta­tu­an 1826an eman zen pospoloak ekoitzi eta saltzeko baimena, ordura arte ez bai­tzi­ren beharrezkotzat jotzen, eta arris­ku­tsu­ak izan baitzitezkeen, su hartu ze­za­ke­telako. Martin Mugica hernania­rrak asmatutako makina batzuen bidez hasi ziren pospoloak egiten, artisau-eran edo eskuz egin beharrean. 1848an hiru pospolo fabrika zeuden Hernanin: San Juan, San Agustindarren komentuaren aurrean zegoena; Derrepente, egungo Lizeaga auzoan zegoena; eta El Pilar, pa­rrokia-elizaren atzean zegoena. Prozesu kimikoetan eta makinak manipulatzen gizonak aritzen ziren lanean, eta emakumeak, berriz, kutxatilak egiten, betetzen eta paketatze lanetan. 

Hernaniko azken pospolo fabrika La Mariposa izan zen; 1877ko martxoan Jose eta Francisco Brunes anaiek erosi zieten fabrika Guevara eta Zaraguetari, baina ez zuten lanbide horrekin segi. Handik urte batzuetara, fabrika desjabetu egin zen, eta 1918ko ekainean usufruktuan utzi zitzaion eraikina Udalari, umezurtz eta zahar-etxe bilakatzeko.

Industriarekin batera, garraioa ere aldatzen

Aztertutako garaian demografia eta jar­due­ra ekonomikoa aldatu ziren bezala, ga­rraiobideak ere aldatu ziren. Horrela, 1858an zalgurdi-zerbitzua inauguratu zen bezala, handik gutxira, 1863an Madril-Irun burdinbidea inauguratu zen, eta 1864an, Paris-Madril ibilbidea; orduan, bi geltoki zituen trenak Hernanin: geltokia eta apeaderoa. 1903an, berriz, Donostia-Hernani burdinbidea inauguratu zen, tranbia pasatzeko. Hari deitzen zioten herritarrek, Tximist-gurdi. Donostiako Pe­ña­­florida kaletik ateratzen zen, Her­naniko Plaza Berriraino iristeko. Geltoki nagusia, hala ere, gaur egungo Urbieta kalean, Atsegindegitik gertu izaten zuen.

Tren eta tranbiek eraldaketa ekarri zuten, baina pixkanaka, kotxeak eta, be­raz, errepideak garatu ziren. 1950eko hamarkada hasieran, Garayar konpai­nia­ko autobus lineak jarri ziren martxan Donostia eta Hernani artean, eta Areizaga konpainiarenak, Astigarragarako bidean. Horrek guztiak, nola ez, tranbiaren gainbehera eragin zuen.

100 urte, herria eraldatzeko

Ehun urtetako ibilbide horretan nabar­men aldatu zen Hernani, beraz. 1950etik 1960e­rako hamarkadan biztanleriak izan zuen gorakada nabarmena inmigra­zioarekin lotuta gertatu zen, hain zuzen, industrian izan zen garapena medio. Aztertutako 100 urteetan zehar Hernanin izandako industria jardueraren errolda jaso du San Joan Konpartsak, eta esan­guratsua da industria modernoa nola hazi zen 1940etik aurrera: Zikuñagako paper-fabrika, Papelera del Norte paper-fabrika. Policloro eta Electroquímica de Hernani industria kimikoak, Danak bat paper-fabrika, Orbegozo fundizioa...

Horrek herriko ekonomia garapenean ere aldaketa haundiak eragin zituen; 1860an biztanleria aktiboaren %56 aritzen zen lehen sektorean; %24 bigarrenean; eta %20 hirugarrenean. 1962an, berriz, %7,3 bakarrik, lehen sektorean; %67,4 biga­rrenean; eta %25,3 hirugarrenean. Inork gutxik imaginatuko zuen hori guztia, orain dela 100 urtetik gora!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!