Saio bat ez, bi eskaini zituen Ttarla dantza taldeak, herenegun, San Joan jaiei ongietorria egiteko. Ia ordu eta erdiko emanaldiak izan ziren, 21 dantza saiorekin, taldeko adin guztietako dantzarien eskutik. Kiroldegiko frontoia bete zuten ikusleen aurrean, musikariek eta dantzariek jarri zuten kolorea, eta giro ederrean eta gustora aritu zirenik ezin ukatu; dantzari gaztetxoen aurpegiak ikusi besterik ez zegoen. Bertaratuei aurresku berezia eskaini zieten, emanaldiak hasteko, eta banan-banan atera ziren gero talde guztiak, eguneko protagonistak.