Lehertzera doa festa! Gaur hasiko dira San Joan jaiak, eguerdiko 12:00etan. Ozenki abesbatzak kantuan jarriko du Plaza, txupinazoa bota eta banderak jasotzearekin batera. Hortik aurrera, erraldoi eta buruhaundien konpartsak, eta Hernani Musika Eskolako ikasleek girotuko dituzte kaleak.
Txupinazoaren aurretik, dena den, izango da beste ekintzarik ere. Hasteko, urtero bezala, marrazki lehiaketa antolatu du Urumea ikastolak, Tilosetan; eta herriko jaiei kolorea jarriko diete haurrek, marrazki onenaren bila. 42garren edizioa izango du aurten, lehiaketak. Eta ondoren izango da, San Joanetako aurreneko Axeri Dantza, gazteena. Goizeko 10:00etan abiatuko dira, aurreneko suak piztera... Ederki berotuko dituzte denen bizkarrak!
Ohiko ekintzak, aurreneko egunaren berezitasun
Arratsaldean segiko du festak, eta orduan izango dira, ekainaren 23ko ohiko ekintza asko. Horrela, Miguel Olloren oroimenezko tiro txapelketaren finalak izango dira, Txantxangorrin; eta Hernaniko Bola Txapelketaren bigarren tiraldia jokatuko da, Goiz Eguzkiko bolatokian. Baina ohiko ekintzen artean, bereziki, musika eta kantua izango dira protagonista: San Joan erronda egingo du Ohitura Zaharrak abesbatzak; kontzertua eskainiko dute emakume sahararren abesbatzak, Kantuzek eta Ozenkik, Urbieta kalean; Salbe Nagusia izango da San Joan Bataiatzailearen parrokian; eta San Joan Martxa joko du Hernaniko Musika Bandak, herriko kaleetan.
Eta ez dira faltako, noski, San Joan bezperako arratsalde-iluntzea berezi egiten duten ekitaldiak. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira kalejiran, Akelarreko protagonistak, gero antzerkia egiteko Plazan. Akelarrearen iragarle txikiak, berriz, ordu eta erdi lehenago abiatuko dira, 17:00etan.
Eta Plazan bertan, San Joan suak hartuko dio lekukoa, Akelarreari. Iluntzeko 21:30etan piztuko dute, eta orduan egingo dituzte, herritarren aurreskua eta San Joan kantaita ere.
Musika, danbor-hotsak eta txaranga, estreinako gaua girotzeko
Baina egunean zehar bezala, girorik ez da faltako, estreinako gauean ere. Eta aukera, anitza izango da, gainera.
Gaueko 22:00etan hasiko dira, bi musika saio. Batetik, Molotoff Irratiaren eszenatokian, dantza gaua izango da gaurkoa. Eta bestetik, Milagrosaren aurrean, gau elektronikoa eskainiko du, beste urte batez, Paket Flat kolektiboak.
Ordubete beranduago izango da hirugarren aukera bat, musikaz eta dantzaz gozatzeko. Izan ere, dantzaldia eskainiko du Laiotz taldeak, Tilosetan, 23:00etan hasi eta gaueko ordu txikietara arte. Baina ordu berean, bestelako doinuak ere entzungo dira Hernanin: danbor-hotsak zabalduko ditu herrian, Santa Barbara elkarteak.
Eta urteroko zitari hutsik egin gabe, Urumea txaranga izango da, aurten ere, bere irteera egiten aurrenekoa: gaueko 01:00etan abiatuko da.