38garrenez jokatu zuten, joan den igandean, Palankarien Proba, Etxeberri elkarteak antolatuta, CD Hernaniren laguntzarekin. Sagastialdeko atletismo pistan elkartu ziren bederatzi partehartzaile: zazpi gizon eta bi emakume. Eta euskal barra urrutien jaurti zutenak, izan ziren Ane Galarraga (argazkian) eta Mikel Arbona. 23,78 metrora jaurti zuen barra Galarragak, eta 39,02 metroko marka jarri zuen Arbonak, irabazteko. Beterano onenarentzat ere izan zen saria, Fernando Dublangek eskuratu zuena; eta hernaniar onenari ere, kopa eman zioten bukaeran: Xabi Saratxaga izan zen, aurreneko herritarra. Eguraldi ederra lagun, giro ederrean aritu ziren partehartzaile guztiak, jaurtiketa eta jaurtiketa artean txantxak egiten. Izan ere, teknika zaila dauka probak, eta jaurtiketa guztiak ez ziren nahi bezain onak eta zuzenak izan...