Magiaz betetako gaua izaten da San Joan egunaren bezperakoa. Suak piztuko dira nonahi, urteko egunik luzeena are gehiago luzatzeko, eguzkiari indarra emateko.
Hainbat txokotan nork bere suak pizten baditu ere, Foru Plazan piztuko dena izango da haundiena. Gaueko 22:30etan izango da, eta Astigar dantza taldeko dantzariek San Joan zortzikoa dantzatuko dute inguruan. Horregatik, ikusleei plazaren erdialdea libre uzteko eskatu zaie.
Suaren aurretik,?Txirriskla taldeko txistulariak ariko dira kalejiran, San Joan zortzikoa jotzen, 19:00etan hasita. Suaren ondoren, berriz, 23:00etan, zezensuzkoa aterako da, Iriarena doinura dantzan.