Ostegunean bildu ziren Tilosetan Bilgune, Udala, Berriak Elkartea, tabernariak eta Txosna Batzordea herri jai parekideen alde, guztion konpromiso deia eta adierazpena egiteko. Maitane Barrenetxea, Bilguneko kideak azaldu zuen aurtengo aldarrikapena. «Hernaniar guztiak animatu nahi ditugu ikusten eta jasaten dituzten eraso guztien berri ematera, salatzera. Erasoa ikusaraztea; ikusaraztea eta gaia eztabaida publikora ekartzea ezinbestekoa baita ondoren jendartean eraldaketa bilatzeko».
Aurten gainera berrikuntza bat dago. Erasoen kontrako telefonoa dago. Txotx garaian eskainitako zerbitzuaren ideia hartuta, aurtengo San Joanetan telefono zenbaki bat egongo da 24 orduz erasoak salatzeko, edota erasoen aurrean laguntza eskatzeko. Horrez gain, gaur eta ekainaren 25ean Plaza Berrin informazio gunea jarriko dute. Telefono zenbaki hori 688 685 164 da eta Emagin Elkarte Feministaren arreta zerbitzua da. Bilgune Feministako txosnan eta Udaltzaingoan ere erasoen berri eman daiteke.
Barrenetxeak aurkezpenean azaldu zuen festak gizarte baten nortasunaren adierazle dirala. «Jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminzioen adierazle oso nabarmenak dira. Horregatik, jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako».
Horregatik jaiak denontzako eta seguruak izatea nahi dute. «Hori da gure aldarrikapena aurtengoan ere. Erasoak sarriago gertatzen dira eta horren aurrean esan nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean». Hori horrela, hernaniarrei eskatu diete, «herri bezala» eta autodefentsa feministarekin erantzuteko, eraso sexisten aurrean. «Erasoen kontrako protokoloa ere egongo da tabernetan eta txosnetan. Komunetan ere kartelak jarriko dira prebentzio bezala»
Eta oihu bat ere egin dute: «jaiak ere borroka esparru direlako, ez dugu eraso sexistarik onartuko, ez txosna gunean, ez tabernetan, ez kalean, ez inon».