Gaur izango da urteroko Azeri Bila lasterketa. Rockthsport-en izena eman dutenek gaur dute dortsala eskuratzeko aukera irteera-helmuga puntuan, arratsaldeko 16:00etatik 18:15etara bitartean.
Helduen lasterketan, korrikalariak kategoriatan egongo dira bereizita, eta talde bakoitzean emakume eta gizonezkoak banatuta egongo dira sailkapenean. Hiru dira aurtengoak: ?Absolutoak?, ?Beteranoak? eta ?Hernaniko taldeak?, azken hauek lau parte-hartzailerekin osatuta.
Aurten ere, ibilibide bera
Urbieta kaletik abiatu eta hor bertan amaituko dira kategoria guztietako lasterketa guztiak.
Helduen lasterketa da luzeena, zortzi kilometroko ibilbidearekin, eta arratsaldeko 18:30etan emango diete irteera korrikalariei. Gainontzekoek distantzia laburragoa dute, adinaren arabera.
Bukatzean, korrikalari guztientzat dutxatzeko eta arropaz aldatzeko aldagelak jarriko dira Udal Kiroldegian, doan.
Hernani Kirol Saria nortzuk jasoko duten ere gaur jakingo da; Azeri Bila lasterketa bukatuta egingo da sari banaketa, urbieta kalean bertan.
Sei txanda, Haur eta Gazteen lasterketerako
Txikienek sei txanda izango dituzte gaur. Haur Hezkuntzakoek 17:30etan egingo dute 150 metroko ibilbidea.
Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoek 300 metro egingo dituzte, 17:40etan. Hirugarren eta laugarren mailakoen txanda 17:50etan izango da, eta hauek 600 metrotan egingo dute korrika. Bosgarren eta seigarren mailakoek 1.200 metro egingo dituzte, 18:00etan.
DBHkoen txanda 18:10etan hasiko da. Lehenengo eta bigarren mailakoek 2.400 metro egingo dituzte eta bukatzeko, hirugarren eta laugarren mailakoak 18:30etan abiatuko dira 4.500 metroetan.
Heldueltzat izen-ematea eta dortsalak jasotzea
Herenegun arte egon zen parte hartzeko epea irekita.
Izen ematea www.rockthesport.com webgunean egin zutenek, dortsala gaur jasoko dute Urbieta kaleko irteera-helmugan, arratsaldeko 16:00etatik 18:15etara bitartean.
Aldez aurretik inskripzioa egin ez dutenek, gaur bertan izango dute dortsala lortzeko aukera 16 eurotan, 16:00etatik 18:15etara, baita ere.
Haur eta Gazteek ere aukera, izena gaur emateko
Txikienen Azeri Bilan, Haur Hezkuntzakoenean ateratzeko ez da aurretiko inskripzioa egin behar.
Baina gainontzeko gaztetxoek bai, eta aurretik izena eman bazitekeen ere, gaur ere badute aukera, 16:00etatik aurrera, Urbieta kaleko irteera puntuan.
Garaikurrak eta zozketak
Guztiek izango dute saria. Txikienek, domina bana (Haur Hezkuntzakoek izan ezik) eta gozoki poltsa bat, bakoitzarentzat.
Helduentzat, elastiko bana eta pelota dendan 50 euro edo gehiagoren erosketagatik truka daitekeen 10 euroko alea. Emakume eta gizonezko bizkorrenari Nuria Hoyos kiromasajistaren masaje saioa. Hurrengo biei txapela bana.
Azkenik, zozketatuko dira bi lagunentzat asteburuko bidaia eta afari edo bazkaria Fagollaga, Errioguara, Zumardi, Arrobi, Zinko-enea eta Gunean.
Hernani Kirol Sarien banaketa, lasterketaren ondoren
Azeri Bilako sariak banatzearekin batera, beste sari batzuk ere banatuko dira gaur, hain zuzen, lasterketa bukatuta, Urbieta kalean bertan: Hernani Kirol Sariak.
Bost dira saria jasotzeko hautagaiak: emakumezkoen kategorian, Alazne Egizabal arraunlaria eta Maider Altuna, belar hockeyeko jokalaria; gizonezkoetan, Aitor Urkia mailu jaurtitzailea eta Aitor Gorrotxategi pelotaria; eta kirol ibilbidearen kategorian, futbolari eta prestatzailea. Herritarrek ekainaren 4ra arte izan dute bozkatzeko epea, eta gaur jakingo da nortzuk diren irabazleak.