Urteko egunik luzeena, eta, beraz, gaurik motzena izan ziren atzokoak, udako solstizio egunekoak. Eta horren segidan dator, urtero bezala, San Joan eguna. Beraz, suak piztuko dira bihar, San Joan egunaren bezperan, hainbat txokotan, eta baita Astigarragan ere.
Sua, festaren erdigunean
San Joan egunaren bezperako egunean San Joan suak izaten dira festaren erdigunea. Bihar gaueko 22:30etan piztuko da sua Foru Plazan.
Hala ere, aurretik, 19:00etan hasita, herriko kaleak girotzen ariko dira Txirriskla taldeko txistulariak. Kalez kale San Joan Zortzikoa jotzen ariko dira.
Sua piztean ere berriro entzungo da San Joan zortzikoa, baina, kasu honetan, dantzariek hartuko dute protagonismoa. Suaren inguruan dantzatuko dute Astigar taldeko dantzariek. Hori horrela, Udalak gogorarazi du plazaren erdialdea dantzariek beharko dutela, eta, beraz, ikusleek bazterretan jarri beharko dutela.
Udalak gogorarazi du plazaren erdialdea dantzariek beharko dutela, eta, beraz, ikusleek bazterretan jarri beharko dutela.
Suaren ondoren, zezensuzkoa
Behin sua eta honen bueltako dantza saioa bukatuta, zezensuzkoa aterako da, gaueko 23:00etan. Azken urteetan egin bezala, Txomin San Sebastian zenak Astigarragan jaso zuen Iriarena doinuaren bertsioaren erritmora egingo du dantza.