LGTBI kolektiboaren parte diren bederatzi elkartek egin dute bat Harro plataforman; tartean, Egoitz A. Albeniz eta Ibai Fresnedo hernaniarrak kide dituen Hiruki Larrosak. Taldeak bateratu eta denen borroka islatzea dute helburu, eta «Harrotasun Eguna interes ekonomiko, politiko eta enpresarial zehatz batzuk lortzeko» erabiltzen dituztenei aurre egitea, Hernaniko aurkezpenean azaldu bezala.
Elkarte bat ez; plataforma bat da Harro. Zergatik?
I.F.: Nahi genuena zen Euskal Herri mailan mugimendu bezala zerbait antolatu. Uste genuen gure egitekoa zela mugimenduaren bateratzea lortzea, elkarte edo eragile bakoitzaren esentzia zainduz eta bermatuz.
E.A.: Konturatu ginen bazeudela dinamika dezente hainbat lekutan. Badaude talde LGTBIak, transmarikabibolloak, denak norabide berean, baina ez zeuden espazio amankomunak, eta horregatik hasi ginen biltzen pasa den urri aldera.
Zeintzuk osatzen duzue?
I.A.: EHGAM, Intifada Marika, Guztiok Elkartea, Euskal Hartzak, Iris Proiektua, Sare Lesbianista, Ozen! LGTB, Lumagorri, eta gu, Hiruki Larrosa Kolektiboak.
E.A.: Printzipioz horiek gaude, baina zabalik dago. Nahi dugu elkarte gehiago sartzea. Hori bai, ez da banakoentzako, baizik eta elkarteentzako. Pentsatzen dugu ez daukala zentzurik lekuan-lekuan elkarte pila bat egonda, Harron ere banaka parte hartzea. Ez da subjektu bat edo eragile bat, baizik eta besteek egiten duenaren isla.
Maiatzaren 17, LGTBI fobiaren Aurkako Egunaren harira aurkeztu zenuten Harro. Erasoak dituzue kezka?
I.F.: Nahiko kezka historikoa da. Jarraitzen dugu erasoak pairatzen, baina plataformak ez du horretan jarri azpimarra, eragile bakoitzak badauzkalako bere egunerokoan nolabaiteko dinamikak, horri aurre egiteko.
Zein dira helburuak, orduan?
I.F.: Batetik, saretzea. Euskal Herrian LGTBI kolektibo edo mugimenduaren indartzea eta aktibatzea, ehuntzea edo jostea. Orain arte oso modu atomizatuetan ibili gara borroka honetan. Horrekin batera, elkarren zaintza; eta hori lotuta dijoa erasoei aurre egitearekin. Eta bestetik, memoria historikoa lantzea. Erreferentzia egiten diogu izan zirelako gara eta garelako izango dira horri. Inportantea da atzera begiratu eta ikustea borrokaren jatorria nondik datorren, eta, horri begiratuta, norantz joan behar dugun erabakitzea. Euskal Herrian, adibidez, famatua izan zen Francisen erailketa, orain 40 urte.
Francisen erailketa eta Stonewalleko matxinada gogoratu dituzue.
E.A.: 50 urte dira Stonewalleko matxinada gertatu zela. Gaur egungo LGTBI mugimenduaren ernamuina izan zen. Lehenago bazeuden mugimendu desberdinak, trans, trabesti, gay, lesbianenak... Baina hor jarri zen lehenengo harritxoa, ordutik aurrera borroka bateratuagoa izan da. Euskal Herrira etorrita, berriz, gau batean polizia nazional batek, zerbitzuz kanpo zegoela, Francis erail zuen Oreretan. Herriaren aldetik erantzuna izugarria zen. Baina, agian, mitifikatu egiten ditugu gertaera batzuk; agian eran-tzun hori ez zen izan transfobiari aurre egiteko, baizik eta errepresio batek eragindako erailketari aurre egiteko. Bestalde, Hernanin ere izan dira gertakariak: Andre Kalen bazegoen denda bat gizonezko trans batena, Jose Mari-Mari Jose, eta bere buruaz beste egin zuen. Orain 12 urte ere, Moiok. Sistemak berak eragiten dituen erailketen barruan izan dira bidean beste indarkeria asko, eta inportantea da memoria hori guztia berreskuratu eta lehen planora ekartzea, erregistro bat egitea, ikusteko borrokak aspaldikoak direla eta gizarteak jarraitzen duela LGTBI kolektiboarentzat biolentoa izaten. Bada arrazoirik borrokan jarraitzeko.
Aldaketarik ere izan da, hala ere. Sigletan ere nabaritzen da askotan. Aurreratu da?
I.F.: Hor daude bi auzi. Batetik, Harrotik egiten dugu kritika, identitate anitzez hitz egiten ari garelako, eta beraz, horiek onartu ahal izateko beste identitate hertsatzaile horiekin bukatu behar dugulako; emakume eta gizon binomioarekin, alegia. Mundua errealitate horretan bakarrik dago eraikia, baina ez daude gizon eta emakumeak bakarrik, baizik eta bestelako identitateak ari dira loratzen eta bazterrean geratzen dira, baita kolektiboaren barruan ere. Bestetik, transfeminismotik eta beste korronte batzuetatik datorren jarrera dago, orain arte zapaltzaileak zure kontra erabili duena defentsa arma bilakatzeko. Horregatik errefusatzen ditugu gay edo homosexual terminoak, eta nahiago dugu maritxu edo marika izendatu. Hortik dator transmaribibollo.
E.A.: Galdera da zer den gay, lesbiana, trans edo heterosexual izatea. Zer da, praktika edo desira konkretu batzuk izatea? LGTBI hitzak ere horrela funtzionatzen du. Munduan kokatzeko lekuak dira, eta izendatzeko forma guztiak dira politikoak, konsensuatuak diren heinean, baina marika edo bollo izendatzeak asko ere transfondo politiko sakonagoa dauka. Ez da bakarrik identitate bat, baizik eta eragiteko posizio bat. Kolektibo honetan eta feminismoan beti egon da kategorien borroka, aniztasuna eta justizia lortzeko. Errealitateak erakusten du, nahiz eta gero moralak ezarritako errealitate normatiboak ukatu, anitza dela. Horregatik siglak ere aldatu egiten dira.
«LGTB mugimenduaren instrumentalizazioak kezkatzen» zaituztela diozue.
I.F.: Hain zuzen, helburua ere bada gora egiten ari den faxismo eta kapitalismo oso biolento honi aurre egitea. Batez ere Bilbotik dator, erakundeen partetik Harrotasun Eguna fagotizatzeko dinamikak sortu direlako. Kezkatuta gaude; erabiltzen ari dira Harrotasun Eguna interes ekonomiko, politiko tea enpresarial zehatz batzuk lortzeko.
E.A.: Aurtengo Martxoak 8ko kanpainan esaten zen zuriketa morea gertatzen ari zela. Erakunde askok erabiltzen dute feminismoa, berdintasunaren alde daudela publizitatzeko. Berdin gertatzen da pinkwashing-ekin. Ekainaren 28ko manifestazio asko bihurtu dira festa hutsal batean, enpresek patrozinatuak, fokoa jarrita gizonezko txuri, muskulatu eta biluzietan.
San Joanak datoz. Erasoak areagotu daitezke. Aurre egiteko modurik baduzue?
I.F.: Ondo legoke protokolo orokor bat egitea Euskal Herri mailan, Harroren izenean, baina bakoitzak beretik salatzeko. Baina oraindik aurkezpenekin ari gara, eta mugimendu feministak badauka dinamika hori. Hala ere, Jantzi Gona egunaren harira, aurreikusten ditugu komentario homofoboak.
Eta ekainaren 28ari begira, zer?
I.F.: Oraingoz, Harrotik egiten duguna da hiriburuetako deialdiak zabaldu.
E.A.: Donostian manifestazioa egingo da, 19:00etan, Bulebarretik, eta gero, poteo mamarratxo errezitaldia.