Proposamenak egiteko epea bukatuta, ostegunean aurkeztu zituzten, udaletxeko areto nagusian, Erabaki Hernani prozesuko aurreneko fase horren emaitzak. Guztira, 407 proposamen egin dituzte herritarrek, 2020 urteko Udal Aurrekontuaren 500.000 euro zertan erabili erabakitzeko.
Proposamen gehienak, postontzien bitartez jaso dituzte (192), edota webgunean (132). Baina asko izan dira, auzoz auzo egindako saio irekietan (53) egindakoak ere. Gainera, Eskola Agenda 21 proiektutik 30 proposamen jaso dira, kontsumo jasangarriari buruz.
407 proposamen horietatik, 123 daude errepikatuta, eta beraz, 284 proposamen ezberdin dira prozesuan aurrera jarraituko dutenak.
Bederatzi saio ireki egin dituzte, eta horietan, 64 lagunek hartu dute parte. Buzoietan, berriz, 65 herritarrek eta elkarte batek utzi dituzte. Eta internet bidez, azkenik, 73 lagun eta hiru elkarte izan dira, beraien proposamenak utzi nahi izan dituztenak.
Gehienak, mugikortasunari eta irisgarritasunari buruz
Proposamenen gaiari dagokionez, mugikortasuna eta irisgarritasuna izan da proposamen gehien bildu dituena, 76rekin. Udal zerbitzuetakoak dira 46 proposamen, eta hirigintza eta obretakoak 45. Eta beste hamar gai ere ikutu dituzte: ingurumena (29), auzoak (24), kultura eta ondarea (18), jarduera fisikoa eta kirola (18), tokiko jarduera ekonomikoa (12), heziketa (4), partehartzea (4), zerbitzu sozialak (3), berdintasuna, kulturartekotasuna eta elkarbizitza (2), eta gazteak (2).
Jasotako proposamen guztien zerrenda, ikusgai dago web orrian: erabaki.hernani.eus.
Leheneste-fasea, uztailean
Laster emango diote hasiera, bigarren faseari ere: uztailaren 8, 9, 10 eta 11n egingo dituzte proposamenak lehenesteko saioak; guztiak ere, udaletxean, arratsaldeko 19:00etan.