Aurreko larunbatean Udal korporazio berria osatu ondoren, atzo goizean egin zuten, legegintzaldi berriko aurreneko Plenoa. Eta bertan zehaztu zituzten, batetik, Tokiko Gobernu Batzordea osatuko duten kideak; bestetik, talde politikoak eta bozeramaileak; eta azkenik, sail bakoitzeko arduradun izango diren zinegotziak.
Hori horrela, Tokiko Gobernu Batzordeko kide izendatu zituzten, EH Bilduko hiru zinegotzi: Koro Etxeberria Tolosa, Esti Aldeiturriaga Amuriza, eta Oier Agirresarobe Lizaso. Hiruak izango dira, gainera, orden horretan, Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkatearen alkateorde.
EH Bilduko zinegotziak, sailetako arduradun
Segidan izendatu eta erabaki zituzten, sailetako arduradun izango diren zinegotziak. Esti Aldeiturriaga izango da, bi sailetako arduradun: Jarduera Fisikoa eta Kirola, eta Partehartzea. Isa Sanchez Perezek, berriz, Ogasun saileko arduradun izaten jarraituko du, eta berdin Mattin Aldaya Olasagastik Ingurumen sailean, eta Koro Etxeberriak Kultura eta Zerbitzu Publikoak sailetan ere. Berrien artean, Patxi Ibarguren Etxeberriak hartu du, Tokiko Garapena, Turismoa eta Merkataritza sailen ardura; eta Ane Ibarburu Lizeaga izango da, Hezkuntza saileko buru.
Plenoak hilabeteko azken asteartetan egingo dira, 19:00etan, orain arte bezala.
Ondoren, eratu zituzten lau Udal Talde Politiko, eta haien bozeramaileak zehaztu. EH Bilduko bozeramaile izango da Xabier Lertxundi alkatea; eta gainerako hiruak, aurreko lau urteetako berberak izango dira: EAJko bozeramaile Andoni Amonarraiz Gómez, Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Jaione Aristregi Cao, PSE-EEko bozeramaile Ricardo Crespo Rubio, hain zuzen ere.
Batzordeetan eta Erakunde Autonomoetan parte hartzeko proportzionaltasuna ere erabaki zuten Plenoan. Batzorde Informatzaileetan, EH Bilduko lau zinegotzi izango dira, EAJko bi, eta Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko bana. Eta Erakunde Autonomoetan, antzeko izango da: EH Bilduko lau, eta EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko bana.
Segidan zehaztu zituzten, hain justu, hiru Batzorde Informatzaileak: Antolaketa Batzordea, Tokiko Garapena Batzordea eta Herritarrentzako Zerbitzuak Batzordea.
Kontratazio Mahaia ere eratu zuten, bost kiderekin: Xabier Lertxundi; Kontratazio saileko Administrazio Orokorreko Teknikaria; Udal Idazkaria; Udal Kontuhartzailea; eta Errenta Saileko Administrazio Bereziko Goi Mailako Teknikaria.
Bertan zehaztu zuten, baita ere, hilabeteko azkeneko asteartean izango direla Plenoak, 19:00etan, orain arte bezala.