Hernaniren historiako mende oso bati eskainita, argazki erakusketa osatu du Juantxo Egaña artistak: 1875 eta 1975 urteen arteko Hernaniren memoria berreskuratu du, garai horretako argazkiekin, Hernanin Ikusiyak erakusketan. Eta bihar inauguratuko dute, Biteri kultur etxean, 12:00etan. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, ekitaldira gerturatzeko.
«Garai bateko argazkiek, badute erakargarritasuna eta xarma, eta jakinmina pizten dute. Hernanin, behintzat, ziur hala dela, askotan ikusi baititugu garai bateko argazkiak, txoko ezberdinetan, eta beti lapurtzen digute begirada bat», nabarmendu zuen Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, atzo egin zen aurkezpenean. Eta adierazi zuen, oraingoan «balio artistiko inportantea» ere badutela argazkiek, «Juantxoren filtroa pasa dutelako. Guretzako gozamena da, eta espero dugu herritarrek ere gozatzea».
Txuso Gomezek, Udal Artxiboko arduradunak, gehitu zuen ondarea eta oroimena lantzeko asmotan, biak uztartzen dituela erakusketak. Eta jakinarazi zuen, egun osoan zehar egongo dela ikusgai erakusketa, irailaren 11ra arte: «egun horretan, gainera, Urtekaria aurkeztuko dugu. Berezia izango da aurtengoa, 25garrena delako; eta erakusketa marko egokia da, aurkezteko».
«Oroimenari ekarpena, eta lan ezezagunak herritarrei helaraztea», oinarriak
Juantxo Egañak, bere aldetik, adierazi zuen bi oinarri ikusi zizkiola erakusketari, Udalarekin hitz egin zuenean: «oroimenari ekarpena egitea, eta lan ezezagunak herritarrei helaraztea». Izan ere, badira argazki asko, sekula erakusgai egon ez direnak; iturriak ere askotarikoak baitira: «artxibo eta liburutegietatik ez ezik, fondo familiarretatik ere lortu ditugu argazkiak. Esaterako, argazkietako batzuk Lleidako familia batek zeuzkan, udaran Gipuzkoara etortzen zena».
Eta azaldu zuen, argazki bakoitzak daukala bere istorioa eta bere konplexutasuna. Guztiak ez dira argazkiak, dena den: «grabatu batzuk daude, grabadoreek egiten zituztenak ikusten zuten irudia erretratatuz; argazkien aurrekoa dira. Eta erakusketan egongo dira, baita ere, liburuak, aldizkariak edota diskoak, garai hartako Hernaniren edo hernaniarren argazkiak dauzkatenak», dio.
Hernaniko pertsonaia historikoak, erretratatuta
Argazkien artean, ikusi ahal izango dira garai bateko merkatuaren argazkiak, Kultura Ministeriotik berreskuratutakoak; Hernaniko bizitza soziala eta kulturala irudikatzen duten irudiak, Pascual Marin eta Ricardo Martinenak...
Baina baita Hernaniko pertsonaia historikoenak ere. Horrela, erakusketan erretratatuta dauden hernaniar entzutetsuen artean, Egañak aipatu zituen Gabriel Zelaia idazlea, Elias Querejeta zinegilea, Jose Olaizola konpositorea, Florentino Goikoetxea mugalaria eta Comète sarearen protagonistetako bat (Australiatik ekarri dute bere argazki bat), Txirrita bertsolaria...
Gerrak ere badu bere tokia argazkietan: orain arte erakusgai egon ez diren erreketeen bi argazki, falangistenak ere bai... Sute edota uholdeetako argazkiak ere badaude, txirrindularitza edo auto karreretakoak... Hernanin tranbia kendu zenekoak ere badaude, azkeneko eguneko 15 bat argazki, Andoni Zinkunegi zumaiarrarenak. Eta 60ko hamarkadan airetik ateratako Hernaniko lau argazki.
Guztira, 100 bat pieza egongo dira ikusgai, bihartik.