Astigarragako Gazte Plana osatzeko bilera irekia egingo dute etzi. Astigarragako Herri Eskolako areto nagusian izango da, arratsaldeko 18:00etan.
Astigarragako Udalak aurreko urtean gazteen diagnosi bat egin zuen, eta bertako ondorioetan oinarrituz, Gazte Plana osatzeko prozesuari ekin dio. Proiektu honetan, udaleko teknikariez gain, gazteen parte-hartzea ere eskatzen da, hauen iritziak eta egoerak jakiteko, baita hauei zuzendutako politikak definitzeko ere.
Proiektu honen baitan, 12-35 urte bitarteko gazteak hartuko dituzte kontuan, hala ere, hiru adin talde nagusi bereiztu dituzte: 12-18 urte artekoak, 19-25 urte artekoak eta 26-35 urte artekoak. Izan ere, kontuan hartuko dute adin bakoitzak behar ezberdinak dituztela. Hori horrela, adin bakoitzak dituen eskaeretara egokitzea da Udalaren asmoa.
Hori dela-eta egingo dute etzi bilera irekia, eta edonor bertaratu daiteke. Herri Eskolako areto nagusian egingo den topaketan, hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, etxebizitza, kultura, garraio publikoa, hezkuntza, herri izaera...
Interesa duten eta ekarpenak egin nahi dituzten gazteei bertaratzeko deia egin du Udalak: «adin guztietako gazteentzat aukera ezin hobea izango da dituzten proposamenak bideratzeko», azaldu dute.