Ikasturteko azkeneko astea dute ikasleek, eta udarako oporretan pentsatzen ari dira dagoeneko. Hori kontuan izanda, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak antolatu ditu Udalak.
Ongietorria, udarari
San Joan festen atarian, ostiralean, emango diote ongietorria herriko nerabeek udarari; hain zuzen, Gazte Su Festa izango da orduan: DJ tailerra, zinta karrera, Aerorunba eta sari banaketa izango dira. Gainera, bertaratzen direnek grafiti koloredun bat egiteko aukera izango dute, Saioa Garcia Rodriguez graffitilariarekin. Ave Maria parkean izango da, 16:30etan hasita.
Scooter jaialdia, 25ean
Ekainaren 25erako, Koadrilen egunerako beste ekintza berezi bat antolatu dute, Scooter jaialdia. 16:00etatik aurrera, Gipuzkoako Scooter onenak inguratuko dira Skate Parkera erakustaldia egitera. Bi tailer eta sari-banaketa ere izango dira.
Uztailean ere, jardueraz blai
Festak pasata, uztailean ere izango dira ondo pasatzeko aukera. Batetik, egitarau berezia izango du Gaztelekuak; eta bestetik, Hernaniko Kirol Elkarteak antolatuta, irristaketa ikastaroa egingo da uztailaren 1, 3, 5, 8 eta 10ean. Gaztelekuan eman beharko da izena.
Udazken aldera jarraituko dute ekintzek, formatu laburreko ikastaroekin. Sormen ikastaroa izango da Arramazkaren eskutik. Eta piragua, eskalada, irristaketa, scooter, erremontea eta parkour ere eskainiko dituzte.