Alkate kargua hartu dute Urdangarinek eta Lertxundik

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 16a, 02:00

Atzo egin zituzten udal be­rri­ak osatzeko Plenoak, herri guz­tietan; eta kargua hartu zuten, alkate berriek.

«Ohore haundia da bizi zaren herriko alkate izatea»

Astigarragan, goiz jarri zuten hitzordua, udal berria osatzeko. Zinegotzi guztiek karguari zin egin ondoren, bozkatu zu­ten alkatea aukeratzeko: zazpi boto jaso zituen EH Bilduko Xa­bier Urdangarinek, bost EAJko Jon Arregik (Zorione Etxe­za­rra­gak uko egin dio zinegotzi izateari), eta boto zuri bat izan zen; PSE-EEko Mikel Duran ez zen alkategai aurkeztu.

Horrela, Urdangarinek jaso zuen alkate makila, Etxeza­rra­garen eskutik; eta hitza eman zien oposizioko alderdiei. 

Du­ranek alkate berria zo­riondu zuen, eta azaldu zuen konfiantza daukala, «gure ar­te­an desberdintasunak izan arren, guztion artean ados ja­rriko garela, lau urte hauetan herriaren alde egiteko».

EAJko Nerea Zusberrok, bere aldetik, alkate berriari azaldu zion: «legealdi oparoa eduki­tzeko aukera guztiak utzi dizkizu EAJren kudeaketak; kutxa diruz beteta, udala zorrik gabe eta herria martxan. EH Bilduk 2011n alkatetza lortu zuenean, alkateak hitz politak esan zi­tu­en, baina hitz emandakoak jan zituen. Oraingoan ere, hitz po­lit asko; espero dugu he­rria­ren alde lan egitea, izango duzuen aukera berri honetan».

Eta Urdangarinek berak, az­kenik, adierazi zuen «ohore haundia» dela, «bizi zaren he­rri­ko alkate izatea. Ohorea eta ardura. Arduraz eta kezka apur batez hartu dut aginte makila, baina beldurrik gabe, benetan uste baitut, ahalegin zintzoak emaitza onak ekarri ohi ditu­e­la». Nabarmendu zuen, «he­rri­tar guztien ongizatea berma­tzea» izango dutela oinarri, «zin­tzotasunez eta gardentasu­nez. Gure bu­le­­go­e­ta­ko ateak za­balik dau­de astigartar guzti­on­tzat, eta ja­­kina, baita opo­­si­zio­ko al­der­di­entzat ere, he­­rri­ki­­de as­­ko­ren ordezkari zare­te­la­ko eta, batzuetan bat etorri ez arren, gu bezala Astigarra­ga­ren hobe beharrez ari zaretelako».

«Bizikidetza da, bereziki landu nahi dugun gaia»

Hernanin, berriz, eguerdian egin zuten Plenoa, udal korporazio berria osatzeko. Xabier Lertxundi (EH Bildu), Andoni Amonarraiz (EAJ), Jaione Aris­tregi (Elkarrekin Podemos) eta Ricardo Crespo (PSE-EE) bozeramaileek, beraien alderdikideen izenean, zinegotzi karguak hartu eta zin egin zuten. Alkategai bakarra aurkeztu zen bozketara, Lertxundi bera, eta 13 boto jaso zituen; beste zortzi izan ziren zuriak.

Hori horrela, alkatetza har­tu zuen EH Bilduko ordezkari­ak, eta bertaratutako guztiei zuzendu zitzaien. Nabarmendu zuen, alderdi bakoitzak erakutsi duela bere konpromisoa, Hernaniren alde lan egiteko, eta Udalean lau alderdi ego­teak, «herriaren aniztasuna» islatzen duela.

Lertxundik azaldu zuen, era berean, alkatetza lortzea eta gehiengo absolutua izatea ez dela «txeke zuri bat. Herrita­rrak eta herriko mugimendu­ak oso presente egotea nahi dugu. Lan asko daukagu egiteko, baina baita proposamen asko ere, lantzeko». Eta horien artean, bat nabarmendu nahi izan zuen: «bizikidetza da, be­reziki landu nahi dugun gaia. Pauso haundiak eman dira azkeneko urteotan, eta herri­ak eskatzen du bizikidetzaren alde lanean jarraitzea».

Lertxundik adierazi zuen, «ohore bat» izango dela alkate izatea, baina ez dela «bakarrik egongo. Lantalde bat daukat, lan zail bezain aberasgarria egiteko prest. Zuetaz harro na­go, eta eskertzen dizuet batzu­ei erronka honekin jarraitzea, eta besteei erronka honetan murgildu izana». Eta aipamen berezia egin zion Luis Intxaus­pe aurreko alkateari: «alkateaz gain, taldeko gidari izan zara. Eskerrik asko erakutsitakoagatik, egindako bideagatik eta jarritako ilusioagatik».

Eta bukatzeko, eskua luzatu zion oposizioari, «elkarlanean aritzeko datozen lau urteotan, Hernaniren alde».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!