Haundia egiten ari da Astigarraga, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, eskuz. Eta ostiralean, beste pauso bat, pauso haundi bat, eman zuen finalera bidean: 2-1 nagusitu zitzaion Atauni, semifinalen joanekoan, Txomiñene frontoian, etxekoen aurrean.
Astigartarrek bere bi arma nagusiak baliatu zituzten, beste behin, kanporaketan aurretik jartzeko. Hasteko, garaipen garbia lortu zuten Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiek, kadete mailan, Beñat Zubizarreta eta Goikoetxearen kontra (22-7). Baina jubenilen partiduarekin, berdindu egin zen kanporaketa: 9-22 galdu zuten Aimar Mujikak eta Ganix Urdangarinek, Senar eta Etxeberriaren kontra.
Nagusien partiduak erabakiko zuen, maila haundiko bi bikoterekin; eta Hodei Exposito eta Jokin Santxez izan ziren gehiago, Iraitz Zubizarreta eta Baztarrikaren kontra (22-13). Erabakigarria izan daitekeen aldea lortu zuten, gainera.
Datorren astean jokatuko dute bueltakoa, Ataunen; eta bertara joateko, autobusa jarriko du Mundarrok.