Muttuai Festek ibilbide erdia bete du eta azken bi egunetan talde eta musika ezberdinak egongo dira

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 15a, 02:00

MUTTUAI Fest ostegunean hasi zen eta erdia baino gehiago pasa da. Bi egun geratzen dira kultur ekitaldiak amaitzeko eta badago oraindik denbora mu­sikaz blai egoteko eta goza­tzeko. 

Gaur 18:00etan hasiko dira mu­sika emanaldiak. DJ Ale­man kultur etxean ariko da bi sai­otan; 18:00etan eta 20:00­etan. 19:30etan Black Gamba Donostiako taldeak eskainiko du kontzertua Apeztegi plazan, Ikatza tabernaren ondoan. Black Gambak hiriko soinu mo­dernoa eskaintzen du, reggae, funk, hip hop, soul eta rock estiloen eragin nabarme­na­rekin. 30 kanta baino gehiago dituzte errepertorioan eta hi­ru hizkuntzatan aritzen dira. Musika dantzagarria da, baina erritmo beltz gogorreko melodiak ditu eta harmonikoki aberatsa da. Bandaren zuzenekoa indartsua eta ikusgarria da, bi abeslari/dantzari ditu eta haien atzean energiaz betetako talde bizia. 

Eszenatoki berdinean 22:00­­­­etan, Suakai taldearen ikuskizuna egongo da. Musika edo ikuskizun eszenikoen eko­i­z­pen zein musika-estilo desberdinetako kontzertuetan es­pe­zializatuta dago. Ikuspegi na­zionaleko instrumentista one­­nekin sortutako musikari tal­dea du.


Aiztondo abesbatza eta La Joderera elkarlanean festari amaiera emateko 

Bihar goizetik hasiko dira musika doinuak kaleak giro­tzen. Eguerdiko 12:00etan Mac Jeara`s Band herriko kaleetan barena ibiliko da eta arratsaldeko 19:00etan Petti nafar abeslari eta gitarrajole euskaldunak kon­tzertua eskainiko du kultur etxean. 

Ondoren amaituko da Muttuai Fest 20:00etan, Murgia eszenatokian. Herriko abesba­tzak eta La Jodedera kubatar taldeak osatutako ikuskizuna bu­rutuko da, amaiera berezi bat egi­teko asmoz. Bi kulturen na­hasketa bat egin nahi izan da euskal musika kubatar erara jota. 


Lehendabiziko egunean hasiera atzeratu zen euri zaparradarengatik

Muttuai Fest ostegunean hasi zen Kazkarabarra taldearen saioarekin eta hitz jokoa eginda esan liteke Kazkarabarrak kazkabarra ekarri zuela. Euria erruz egin zuen lehendabiziko kontzertuetan eta horrek suposatu zuen ordutegia atzeratzea. Seitan hastekoak ziren, baina zazpiak pasata eman zitzaion hasiera Muttuai Festi. Dama Beltza kontzertua ordubete atzeratu zen. Atzo ere lainoak agertu ziren kontzertuak hasi ziren ga­raian, baina ez zen ostegunekora hurbildu ere egin. 

DJ Aleman, Black Gamba, Suakai, Mac Jeara´s Band, Petti, Aiztondo eta La Joderera taldeak ariko dira gaur eta bihar musika eskaintzen hiru guneetan.

Horrek jendea animatu zuen eta lehenengo egunean baino jende gehiago mugitu zen prestaturiko hiru guneetan. Hala ere, jende gehiena astebururako, gaur eta bihar, espero da antolatu diren kon­tzertuetarako. Zazpi talde ariko dira guztira prestaturiko hiru guneetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!