Ekainaren 30ean Mendiriz Mendik antolatzen duen ibilaldian muga artean ibiliko dira. Oraingoan Nafarroa eta Araba artean, Entzia eta Urbasa mendizerren artean. Andoin-Legunbe izango da ibilaldia eta Legunbeko gainera iritsiko dira. Igoko duten mendi honetan dago inguru hauetako Araba eta Nafarroaren arteko muga. Muga hori antzinatik dator, baina 1555garren urteko dokumentu batean idatzita jasotzen da lehenengo aldiz. Bertan ere ezartzen da Entzia eta Urbasa mendizerren arteko muga.
Legunbe mendiak ipar aldera, Araiako bailara aldera, amildegi izugarriak erakusten ditu eta hego aldera aldiz, magal leunak. Mendiak bi gailur ditu. Bien artean Legunbeko Haitzuloa izenarekin ezagutzen den zuloa aurkituko dute. Iraia aldera irekitzen den leiho naturala da. Zulo haundi batez eta beste txiki batez osatuta dago. Bi gailurretatik mendebaldekoa Arabako lurretan kokatuta dago eta ekialdekoa Araba eta Nafarroan. Mugen zehaztasunarekin beti gatazkak egon zirenez, 1928 urtean bi probintzien arteko muga zehaztuko zuen harrizko hesia eraiki zen. Hortik geroztik, garbi geratzen da zer den Araba eta zer Nafarroa.
Toberiaseko iturburua ezagutuko dute eta ur-jauzi ikusgarriak ere bai
Ibilbidean Toberiaseko iturburua ezagutuko dute. Andoinetik irten eta ehun metroko desnibela igo ondoren aurkitutzen da. Bat batean lurretik sortzen den ur-emari erraldoia da. Bailararen beste aldean, Araian, ematen den antzeko iturburua da, baina kasu honetan, Aitzkorriko urak kanporatu beharrean, Entziako sistema karstikoak jasotzen dituen urak kanporatzen ditu. Ur-emaria nahiko haundia denez behera doan heinean ur-jauziak eta forma bitxiak eratzen ditu bere bidean. Benetan ikusgarria da, pena merezi du ezagutzeak.
Ibilbide zoragarria
Andoin herritik pasatzen den errekaren eskuin aldetik doan pista hartu behar da. Zertxobait aurrerago zubi batetik erreka zeharkatu behar da. Igotzen jarraitu eta berehala hesi metaliko batekin egingo dute topo. Hesia pasa ondoren bidea bitan banatzen da. Ibilaldi honetan ezkerrekoa jarraituko dute. Berehala Toberiatik datorren ur-emaria ikusiko dugu. Bere ertzetik gora egin behar da iturburura iritsi arte.
Iturria bisitatu ondoren beste aldera pasa eta zertxobait jaitsi behar da pista bat aurkitu arte. Pistari jarraituz gora egin behar da Andoin lepora iritsi arte. Pista zati hau oso polita da baso barrutik egiten delako eta harriztatutako zati batzuk dituelako. Lepoan pista utzi eta ezkerrera, gandor aldera, egin behar da. Mugarriei jarraituz berehala gara Bigate gailurrean. Beste tarte batean gandorrari jarraitu behar zaio Legunbe gailurrera iristeko. Lepotik gailurrerako igoera nahiko leuna da eta eroso egiten da pagoen artetik.
Jaitsiera igoera baino erosoagoa da. Gailurretik, jaitsiera leun batetik, Urbasako kanpinera eramango gaituen pistara jaitsi behar da. Azken zati hau ere basoaren itzalpean egiten da.