Etxeberriren urbanizazioa itxiko duten obrak hasiko dira datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 8a, 02:00

ETXEBERRI auzoaren urbanizazioa ixteko lanak hasiko dituzte datorren astean. Iris­garritasuna hobetzeko asmoz, udal zerbitzuen sarea (ur eta saneamendu hornidura, argiteria eta espaloiak) berritzea da urbanizazio proiektuaren helburua. Hastekoa den urbanizazioaren 2.2 fase honek 1-3 blokeen beheko eremua eta 7. blokearen arrapala, espaloia eta eskailerak hartuko ditu. Lanek bost hilabete irautea au­rrei­kusten dute.

Etxeberri auzoaren urbanizazio proiektuaren bigarren faseak auzoaren eskubiko al­dea hartzen du. Proiek­tu­aren garrantzia ikusita, bi ataletan banatu zen. Lehen atala -2.1.- iazko irailean bukatu zen. Obra horrek 5-7 bitarteko blokeen eremua, auzoaren goiko eremua (1-3 bitarteko blokeak) eta auzoko errepidearen ezkerreko espaloia eta hegoaldeko oinezkoen eremua hartu zitu­en. Orain, bigarren atal honetan, 1-3 blokeen beheko eremua eta 7. blokearen arrapala, espaloia eta eskailerak berrituko dituzte. Bost hilabeteko ira­u­pena izango dute lanek.


Ur horniduran hobekuntzak

Ur horniduran egingo di­ren berrikuntzen artean aipagarria da ur presioaren egoki­tzea; izan ere, egun, 6-10 blokeetan uraren presioarekin arazoak dituzte. 6, 7, 8 blokeetan, ur presio gutxiegi daukatelako gainpresio balbulak erabili behar izaten dituzte. 9 eta 10. blokeetan, aitzitik, gehi­egizko presioa murrizteko erreduktorea dute. Arazo ho­riek konpontzeko Oriabentatik da­to­rren sarean erreduktore bat jarriko du Udalak eta bloke guztiei ura presio egokian iristeko. Horrela, bizilagunek ez dute bestelako aparailuren be­harrik izango eta, hortaz, egun ordaintzen ari diren aparailu horien kostua desagertuko da.  

Horrekin batera, Udalak uda amaieran ekingo dio asfalto kanpainari eta horren barruan dago Etxeberri. Au­zoko bide nagusia eta etxebizi­tzen ondoko aparkalekuen zo­rua berrituko dituzte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!