Tilosetan aurkeztu zuten atzo Hernaniko Elkartasun Eguna 2019. Ekainaren 22an, larunbatean antolatuko dute «falta diren guztiak presente izateko. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak! gogoratuko ditugu eta deialdia luzatu nahi diegu herritar guztiei gurekin batera parte hartu dezaten egunean zehar egingo diren ekintza guztietan» azpimarratu zuten egunaren sustatzaileek.
Bazkarirako txartelak Garinen eskuragarri
Goizetik ekintza ezberdinak izango dira iluntzera arte. Hala nola, mus txapelketa azkarra, brindisa, Herri bazkaria, Bingo herrikoia, kale animazioa, afariak eta sorpresaren bat edo beste. «Ekintzez beteriko eguna izango dugu eta denok gara beharrezkoak bertan. Bazkariko txartelak Garin tabernan izango dira eskuragarri».
19 herritar, festetan ezingo dutenak egon ingurukoekin
Bildu ziren herriko eragile politiko, sozial, kultural zein norbanakoak «espetxeak eta herria banatzen dituen mugak hautsi eta falta diren guzti horiek gurekin presente izateko beste behin ere antolatu dugu Elkartasun Eguna. Beste urte bat pasa zaigu eta gainean ditugu herriko festak, familia, lagun eta ingurukoekin igarotzeko egunak. Baina gure herrian, baditugu 19 lagun, familiakide eta ingurukoekin egon ezingo dutenak, festak ehundaka kilometrotara pasa beharko dituztelako, bahituta. Doakiela lehenik eta behin eurei besarkada eta muxu haundi bat! Maite zaituztegu!».
2019an Hernanin asko eta asko dira kilometro andana egitera behartuta daudenak «gehien maite ditugunak kristal baten atzean ikusteko denbora motzez. Edota gaixotasun larriak izanda ere, baditugu oraindik espetxean dauden herrikideak. Oraindik badira espetxeak hustu ordez, betetzeko mamua gainean jarri nahi digutenak».