«Sagardo Bowl 'Blood Bowl' jokoa da eta oso dibertigarria izango da gaurko torneoa»

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 8a, 02:00

Mendekosteak atzo hasi zi­ren, txupinazoaren jaurtiketarekin, eta gaur ekitaldi ugari izango dira; eta berrikuntza deigarri bat dago egitarauan. Lehenengo aldiz Sagardo Bowl txapelketa antolatu dute. Bai­na zer da Sagardo Bowl txapelketa? galdetzen dute askok. 

Horren erantzuna Iker In­zak du, txapelketako antola­keta­ren  eta Etxeberrin dagoen Distopia Games dendaren ar­du­radu­nak. Jokuaren nondik no­rakoak azaldu dizkio Kro­nikari.

Erantzuna erraza da. Blood Bowl mahai jokoa da Sagardo Bowl eta Inzak gaineratzen du «oso dibertigarria da. Jendeak oso ongi pasako du jokatzen». Hernanira egokitua dago ize­na. Bi jokalarik jokatzen dute beti, bata bestearen aurka, ame­rikar futbolean bezala. 

Guztira 26 talde daude eta bakoitzak bere izaera du In­zak argitzen duenez. «Gi­za­kiz osatutako taldea da­go, tal­de estandarra litzakena. Tal­de hau ez da onena ezaugarri desberdinetan, baina oso konpletoa da eta denetarik egiten du. Etsaiak sahiestu, aurkariak plakatu, jo, estrategiak erabili? eta horren au­rrean in­­dar haundiagoko taldeak egon daitezke, baina mantsoagoak direnak, orkoak edo ipotxak bezala esaterako. Honela, guztira 26 daude».

«Jokoan 26 talde desberdin daude; gizakiak, orkoak, ipotxak... eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu».

Gustukoen duzun taldearekin jokatzen da

Jokalari bakoitzak, ezaugarriak kontutan hartuta, gustuko duen tadea aukeratzen du eta txandaka jokatzen da. Ikerren esanetan, «jokalari bakoitza bere taldeko jokalariak aktibatzen doa eta hauek mugitzen ditu, baloia alde batera edo bestera mugitu dezakete. Tarteak edo zuloak sortu aurkariaren defentsan touchdownak sartzeko tantoak sortuz».

Partidu hasieran hamaika jokalarik jokatzen dute eta «aulkian jokalari gehiago eduki ditzakezu gero zelaian sartzeko lesioak egoten baitira. Amaieran zortzi bosten aurka bukatu dezakete adibidez» gaineratzen du Inzak.

«Burgosekoak ?Morcilla Bowl? izena duen bezala, Hernanikoari Sagardo Bowl jarri diogu izena».

Jokalari bakoitzak bi partida jokatuko ditu goizean, eta beste bi arratsaldean

Partidaren iraupena zehaztuta dago torneoetan. Neurtuta dau­­de denborarekin, kronometroarekin. Mendekosteetan, Etxeberrin, ordu eta 45 minu­tuko partidak jokatuko dira. 

Gehiegi ez luzatzeko «goizeko hamarretan hasiko ditugu partidak, eta arra­tsaldean amai­­tuko da txapelketa. Goi­zean talde bakoitzak bi partida jokatuko ditu eta arratsalden beste bi» dio Ikerrek.

Tartean bazkaltzeko geratuko dira. «Murriztu egin be­har izan da denbora bestela ez du denborarik emango. Tor­ne­o­­etatik kanpora partidu batek orduak eta orduak iraun ditzake. Azkeneko Ligan jo­katu zen finalean lasai hartu zuten jokalariek, eta zazpi ordutara joan ziren».


27 talde ziurtatuta daude, eta Bruselako jokalari bat ere etorriko da

Guztira Etxeberriko Sagardo Bowlen 27 taldek eman dute izena. Nahiz eta gaur Etxe­berrin gehiago egon daitezkeen izenematea luzatu delako azken egunera arte.

Antolakuntzak ez du kanporaketen sistema erabiliko. «Puntuen arabera egingo da sailkapena. Parekatzeak zozketa bidez egiten dira eta suitzar metodoa erabiltzen da. Ira­baz­ten dutenak, beraien artean jokatzen joaten dira, eta gal­tzen dutenak, beraien artean. Honen helburua da galtzen duenarentzat dibertigarria eta atsegina egitea txapelketa».

Etxeberrira inguru desber­di­netatik etorritako jendea egongo da. «Donostialdekoak, Gi­puzkoarrak, Bartzelonatik, Bi­l­botik, Iruñeatik eta Bruse­lako bat ere etorriko da jo­katzera».

Jai Batzordetik esan zioten Iker Inzari txapelketa antola­tzeko, eta gustura hartu du erronka, Distopia Games dendako arduradun hernaniarrak. «Dendan noiz behinka txapelketak antolatzen ditut, baina leku txikia da eta jai batzordeko lagun baten ideia izan zen festetan antolatzea. Antola­keta lanetan asko lagundu didate Jai Batzordekoek, eta oso gustura nago». Eguraldia da kezka bakarra, baina euria eginez gero, Etxe­berriko blokeen azpi­aldean egingo da.  


«Donostialdean 40 pertsonez osatutako Liga dago»

Etxeberriko txapelketaz gain Liga desberdinak jokatzen dira. «Donostialdean 40 per­tsonen arteko Liga bat daukagu eta txapelketa desberdinak jo­ka­tzen dira. Burgoseko txapelketa Morcilla Bowl den bezala Hernanikoari Sagardo Bowl jarri diogu izena».

«Partaide guztientzat egongo dira sariak, baita figurak margotzen erakusten duen liburua ere».

Mundu mailako liga eta Mundiala jokatzen dira

Blood Bowl jokua arautua dago eta erosten duzunean ber­tan azaltzen dira arau guztiak. Iker Intzak azpimarratzen du joku honen ara­uak nahiko errazak direla. «Liga ofizial bat dago, Mun­du mailakoa. Austrian jokatuko da Mundiala  aste gutxi batzuk barru eta 1.800 taldek parte hartuko dute. Talde eta jende gehien mugitzen duen estatua Espai­nia da».

Jokuak Erresuma Batuko jatorria du eta sortu zuen enpresak jokuak egiten ditu. «Hasiera batean joku hau ez zen izarra. Erdi aroko beste joku batean zegoen sartuta eta hortik sortu zen Blood Bowl. Segituan lortu zuen izugarrizko arrakasta eta ibilbide luzea egin du, 26 urte» Iker Inzaren hitzetan. 

Arrakastaren arrazoi na­gu­sienetakoa denboran eta erraztasunean dago. «Par­­­ti­duak motzak izan daitezke, garraioa oso erraza da logistika aldetik. Munduko Liga gaur egun komunitatearen esku dago eta ez jokua sortu zuen enpresaren esku, nahiz eta orain elkarlanean dabil­tzan. Oso joku interesgarria eta dibertigarria da». 


Adin guztietako jendea eta sariak denentzat

Ikerrek ongi ezagutzen ditu jokalari asko eta asko. «13 urtetik gorako jokalariak dau­de, eta adin guztietako jendea aurkitu daiteke». 

Eta Etxeberriko txapelketan denentzako sariak egongo dira. Berdin da irabazi edo galdu, denek edukiko dituzte sariak; figurak margotzen ikasteko liburu horietako bat, tartean. Hori da niri gehien gustatzen zaidana, figuren margoketa eta dendan egiten dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!