«Garbitutako tokietan, zabor ugari pilatu zen berriro, ordu gutxitan»

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 8a, 02:00

Bailara osoko herritarrak dau­de inplikatuta, Urumea ibaia garbi mantentzeko saiakeran. Eta horren adibide da, aurreko larunbatean Arano, Ereñotzu eta Hernaniko herritarrak bil­du zirela Abañon, eta goizuetarrak Arranbiden, ibaia garbitzeko asmoz. 09:00etan jarri zuten zita Goizuetan, eta ordubetera, 10:00etan, Aranon.

Life Irekibai programak es­kaini zien lanerako materiala, eta ibaia garbitzeaz gain, «ga­ia­ren inguruan talde hausnarketa egitea» ere bazen helburua, «asmatu nahian zergatik eta nolatan egoten den ibaiaren bazterra horren zikin».

Eta hain justu, larunbatean bertan gertatu zena salatu nahi izan dute, Abañon elkartu zirenek: «goizean ibaia garbitzen 20 lagun aritu ginen bi lekuetan, arratsalderako zabor poltsak eta harrika botatako ontzi eta plastikoak ugari zi­ren han hemenka, ordu gutxitan. Lotsagarria da».

Eta gaineratu dute: «udaran, ibaia aisialdirako espazio bilakatzen da, dagoeneko izan di­ren egun eguzkitsuekin ikusten hasi garenez. Bailarakoa zein kanpoko jendea gertura­tzen da, eta askok zainduko badute ere, oso agerian gera­tzen da, beste askok eta askok ez dutela arduraz zaintzen».


«Guztion ardura da, ingurua zaintzea»

Hori dela eta, «harridurak eta ezin sinistuak bultzatuta», behin eta berriro errepikatu zuten ideia bat, gaiaren inguruko solasaldian: «denok go­za­tu ditzagun, natura eta gure bazterrak, eta ingurua zaindu egin behar dela ez dago esan beharrik. Guztion ardura da in­gurua zaintzea; pertsona ba­koitzarena. Eta inguruko herri­tarrok ez genuke ibili behar gar­biketarako auzolanak deitzen, erabiltzaileak arduraz jardungo balira. Auzolanak politak dira, eta egin behar dira, baina ez inoren axolagabekeriak kon­pontzen aritzeko! Zentzu ho­rre­tan, nekatuta gaude».

Autoak «nonahi» aparkatze­ko joeraz ere aritu ziren, eta aipatu zuten, «oso arriskutsua» dela bertatik pasa behar dutenentzat: «bide hau da daukagun bakarra, eta guretzat ez da asteburuetako edo oporretako plana, bertatik pasatzea. Hor­taz, zentzuzkoa iruditzen zai­gu, errepidea oztopatu gabe aparkatzeko eskatzea».

Azkenik, nabarmendu dute, errekara eta naturara hurbil­tzeak, izan behar lukeela «la­saia, garbia, gehiegizko zaratarik gabekoa, baketsua, kerik gabekoa, arriskurik gabekoa... Eman arnas pixka bat Urumea ibaiari, mesedez!», eskatu die­te, bertara joaten direnei. 

Argazki gehiago hemen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!